Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko egunerako egindako kamisetak ekarri digu eztabaida. Euskal Herriko emakumeen garrantzia aldarrikatzeko, iraganera begiratu eta zazpi lurraldeetako hainbat garai eta izaeratako 44 emakumeren izen-abizen eta irudiak hautatu dituzte. Kukuxumusuko marrazkilariek diseinatutako kamisetan, emakumeen figurak azaltzen dira, eta azpian haien izenak. Lola Valverde Historia katedraduna aritu da ikerketa lanean, eta berripaper honetan irakurri genuen kamisetan ageri diren emakume guztiak aukeratzeko Valverdek berak aipatu zuen irizpide komun bat: «Gaur egungo euskal emakumeen aitzindari, eredu eta bidegileak: guztiak menderakaitzak». Miliziarrak, sufragistak, maistrak, musikariak, doktoreak, erreginak, sorginak, idazleak... den-denak apurtzaileak, bizi izan ziren garaian.
Eztabaida sortu digu. Batzuek diote hor ekartzen zaizkigun hainbat adibide desegokiak direla. Nola izendatu aitzindari prostituta lapur bat? Eta proxeneta bat? Hori al al da emakumeok historiari egin behar diogun ekarpena? Emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia publikoa aldarrikatzen dugunean, orain arte izan dugun gizarte sistema errepikatzeko izango da? Ez al luke ekarri behar eredu bidezkoago bat? Horretarako bada, ez du merezi borroka egitea!
Beste batzuek diote, berriz, historiako gizon ospetsuen artean zenbat ez ote diren lapur edo hiltzaile izan, zenbat militarrek ez ote dioten izena eman gure kaleei; begira, bestela, historia liburuak nola dauden enperadorez, diktadorez eta proxenetaz eta bortxatzailez ere beteak; eta horien izenak ematen dizkiegu ikasteko ikasleei, kontzientzia-objekziorik gabe!
Eztabaida zaharra da. Eta honetan ere ñabardurak garrantzi handikoak dira. Baina zer nahi duzu esatea. Ez dut bat egiten kamiseta horretan agertzen diren hainbat emakumerekin. Baina biziki poztu naiz nire herriaren historian eurak ere badaudela deskubritzean.
Larrepetit
Emakumeak ikusgarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu