Erasoen aurka, ekintza zuzena! dio leloak, baina, gehienetan zailena erasoa identifikatzea da. Elementu orokorrean denak gaude ados, eta, idealki, ondo identifikatzen ditugu erasoak. Gauzak errealitatera jaisten direnean, eta gertu tokatzen direnean, orduan okertzen dira idealak. Askotan idatzi dut horri buruz, joko magikoei buruz.
Argi dudan gauza bat zera da: indarkeria matxista oso korapilatsua da, eta korapilo horiek ez identifikatzeak arazo asko sortzen dizkigu. Gure gizartea ez da gai sortzen den indarkeria guztia ikusteko. Ez ikuste horrek gizartearen aurreiritzietan du oinarria, hau da, gehien diskriminatzen ditugunak gehien zigortzen ditugu. Horretarako, lehendabizi biktimak epaitzen ditugu: ez dira biktimatzat hartuko «emakume onak» ez badira. Biktimaren rola ondo bete behar dute, besteen begietarako; bestela, kanpoan geldituko dira. Hortaz, alkoholikoak, urdangak, transexualak, beltzak, euskaldunak, bollerak, eskizofrenikoak, drogen menpekoak, erantzuten dutenak, oro har egokiak ez direnak... horiek guztiek jasaten duten indarkeria merezi dute. Hori da gure gizarte txuri, heterozentratu eta katoliko honek agintzen duena. Amelia Valcárcel-ekzioen bezala, zigortzeko, giza ezaugarri guztiak kentzen dizkiegu gorputzei. Ez dira zibilizatuak, horregatik merezi dituzte bizitzak ematen dizkien zigor guztiak. Ez dira ikusten gorputz horietan korapilatzen diren diskriminazio ardatz guztiak.
Esate baterako, eta ikuspuntu historikoarekin ikus dezagun, ume lapurtuak. Emakume horiei, kategoriaz «desegoki» gisa identifikatzen zituztelako, umeak kentzen zizkieten. Behartsuak; gorriak; askotan, euskaldunak zirelako; besteetan, ume gehiegi zituztelako edo gazteegiak zirelako. Guztietan, baliabideak ez zituztelako. Horregatik dira aurreiritziak hain arriskutsuak, gutxien duten gorputzei indarkeriarik bortitzena eta sofistikatuena atxikitzen diotelako.
Larrepetit
Eraso bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu