Larrepetit

Esango?

Arantxa Iturbe.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Patioko umeak bakarrik hasten dira saltoka —eta ez dena—, jokatu aurretik. Taldeak osatzeko agindua eman ezkero gertatzen da: izendatzen dira bi aukeratzaile eta bakoitzak talderik onena egiteko itxaropenez aukeratzen du, txandaka, gelakide bana. Helburua bi talde orekatutan banatzea gelakide guziak, ondorengo leiha ere orekatua izan dadin.

Lehendabiziko aukeratuak pauso seguruz arrimatzen dira aukeratzailearengana. Badakite onenak direla. Denek dakite onenak direla. Aukera egiten duenak ere bai. Ez dago sekreturik. Taldeak gero eta handiago eta aukerak gero eta gutxiago direnean, besoak gora igota pozez saltoka hasten da aukeratzaileak besoa luzatuta seinalatu duen hura. Konturatu baita (bere ustez) talderik onena izango den horretan aritzea egokitu zaiola. Ez du ezer irabazi, baina suerteko sentitzen da. Horregatik bere poz disimulorik gabea. Horregatik bere keinu neurriz kanpokoak. Hain luze egin zaizkion minutu horietan hainbeste desio izan duena betea ikusteak jarri du saltoka. Ondoren hasiko den leiha irabazteak adina emozio eragin dio irabaz dezakeen talderako aukeratua izateak.

Ume-talde horri begira pasatu dut gogoeta eguna. Gaurko pozak eta gaurko irabazleak gogoan. Aurreko hilabeteetako irakurketen oihartzunak uxatu ezinean. Batek galtzaile modura hitz egin duela; besteek irabazitzat jotzen dutela.

Noiz hasi da partida, ordea? Zergatik ulertzen dute partida gaur dela, oraindik taldeak aukeratzen ari direnean? Esango, mesedez, norbaitek, ezetz? Esango jokoa bihar hasiko dela? Esango norbaitek ahalik eta taldekiderik onenak aukeratzeko ahalegina egin dutenetako batzuk asko kezkatzen direla «irabazi dugu»-ka hasten direnean, jokatu gabe irabaztea ezinezkoa dela badakitelako? Esango gaurkoa ez dela helburua? Esango ahalegina eta lana bihartik aurrera erakutsi ditzaten aukeratu dituztela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.