Atorra beltza eta lepoko zuriarekin ikusiko dituzu. Igande eguerdietan, are eta bereziago. Atzaparrak, sotana baino luzeagoak. Herren egiten dute, eskuineko hankatik. Agian, horregatik dute atzerantz egiteko joera. Langileak dira, langile porrokatuak. Pentsa, Nafarroan, mila bederatziehun eta laurogeita hamazortziaz geroztik, gutxienez, mila eta laurogeita sei inmatrikulazio egin dituztela. Elizak, baselizak, tenpluak, basilikak, hilerriak, etxeak, lokalak, lursailak eta frontoi bat. Eta hori dena, isilpean. Umilak dira gero.
Jainkoz eta fedez betetzen zaie ahoa. Tradizionaltzat jotzen ditu askok, baina berritzaileak dira, apurtzaileak. Batik bat, bibliako hitzen interpretazioan. Azken Afariko «hartzazue eta jan guztiok hontatik» adibide. Baldin eta Jesusek, guztiok hitzaren adiera oso hertsia ez bazuen behintzat.
Ez ziren asko izan haren aitak eman zituen aginduak, diotenez, hamar. Horiek ere, garai berrietara egokitzeko beharra ikusi zuten nonbait. Joan daitezen eskutik Eliza eta mundua.
Izan zedin egokitzapena erabatekoa, aldaketak, munduak daraman martxan egitea deliberatu zuten, atzekoz aurrera, hamargarrengotik hasita. «Ez dituzu bestearen ondasunak desiratuko», eta desiratu zituzten. «Ez duzu lapurtuko», eta lapurtu zituzten desiratutako ondasunak. «Ez duzu gezurrik esango», eta desiratutako ondasunak lapurtzeko esan zituzten. «Jainkoa maitatuko duzu gauza guztien gainetik», eta maitatu zituzten ondasunak. «Ez duzu Jainkoaren izena alferrik erabiliko», eta haren izenean egin zituzten lapurretak. Ez noa seigarrenarekin sartzera, badaezpada.
Susmoa daukat, hogeita batgarren mendeko Robin Hood berriak ote diren. Hori bai, istorioari egokitzapen txikitxo bat eginda. Badakizue, joan daitezen eskutik eliza eta mundua. Jaunaren etxea eta etxeak zaintzearren, eskerrak zuei, jaunak.
Larrepetit
Eskerrak zuei, jaunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu