Eskuin muturra gora eta gora ari da Europan. Azken hamarkadetan ezagutu duen egoerarik oparoena du egun, krisiak elikaturik, bigarren mundu gerlaren bezperan gertatu zen gisan.
Austriatik Belgika, Suitza edo Danimarkara eta, nola ez, Frantzian, antzeko diskurtsoa darabil identitatea, biktimizazioa, kontserbatismoa eta kontestatazioa ardatz harturik.
Eskuin muturrak garai berriekin bat egitea lortu du. Beren baitako gutiengo batzuek gurutze gamatu eta antzeko karikaturak mantentzen badituzte ere, diskurtsoa leundu eta komunikazio arloan urrats handiak egin dituzte.
Fronte Nazional frantsesak Jean-Marie Le Pen aita erradikaletik Marine Le Pen alaba moderaturako bidaia egin du. Hainbesteraino, non Fronte Nazionala alderdia UMP eta PSren politikaren alternatiba gisa ageri den askorendako, alderdiaren funtsa ahantzirik.
Ohituretan sartu da Fronte Nazionala. 2002an hauteskundeetan lehen itzulian Le Penek Lionel Jospin baino boz gehiago ateratzean, «fronte errepublikanoa» osatu zen, bigarren itzulian ezkertiar askok Chiracen alde bozkatu baitzuten, eskuin muturrari bidea hesteko. Hamar urtez, Sarkozyk bere egin ditu eskuin muturraren tesiak. Bidea itxi ordez, bidea erraztu eta arrunt bilakatu ditu eskuin muturraren ideiak. Atzerritarren kontrako neurriak oro har eta ijitoen kontrakoak bereziki harturik, delinkuentziaren kontrako neurri populistekin.
Fronte Nazionalak bere irudia goxatuz, batzuek beren mozorroak kendu dituzte ere. Besteak beste, Robert Ménard kazetariak, Mugarik Gabeko Kazetarien buru izanak, Marine Le Penen sostengatzaileetarik bilakatu baita. Orain hobeki ulertzen da zergatik ez zuen deus egin nahi izan Egunkaria-ren itxiera nazioartean salatzeko.
Eta Espainian, ez ote dago eskuin muturrik? Espainian ere itxura aldaketa bera egin du. Austriakoarekin du antz handiena, Vienan eta Madrilen eskuin muturra boterera heldu baita, krisiari eta hedabide indartsuei esker.
Larrepetit
Eskuin muturra garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu