Unai Iturriaga.
Larrepetit

Esnedunak

2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ekaitz Samaniegori besarkada bat bidaliz bukatu nuen aurreko zutabea, Gutenbergek bere lanak egiten zituenerako gerta zitekeenaz ezjakitun. Goizak ez gintuen etxean aurkitu, eta gu mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan katigatuta geratu ginen, bi bihotz berriren taupadei atxikita, arraina urari nola.

Auskalo ze bezperatako egunkaritan irakurri nuen, Gurutzetako ospitaleko plazan. Sortaldetik eguzkia kukuka, Serantes artean lo, eguneko lehenengo zigarroa bizialdiko azkena banu legez gozatzen ari nintzela jakin nuen lurrundu egin zela Ekaitz.

Eskuak garbitu eta txirrina jo behar da seigarren solairuko jaioberrien unitatean sartzeko. Los padres de… esanda ateak automatikoki zabaltzen dira (oraindik orain, ez dakigu ateok euskaraz badakiten). Behin barruan, plastikozko oskoldun kutxa banatan, mendea eta segundoa gure zain. Goxo. Lo.

Badakigu berandu barik gurekin izango ditugula, nahiz eta orain, ostatualdia igarota, autoarekin atzera eta aurrera ibili behar dugun esne garraioan. Amak daki ondo zein lan den ontza-urrea balitz legez babestuta eroaten dugun esne pote hori lortzea. Eta horrelaxe, hogeita hamahiru minutu autoan, parkinga, igogailua, eskuak garbitu, txirrina, «Los padres de…» eta ateak zabalik esnedunarentzat.

Churchillek esan ei zuen demokrazia zela sistema politiko bat non, goizaldean, etxeko txirrina entzuten bazenuen, bazenekien esneduna zela. Gurean bestelako esnetik izan da gehiago, baita tetrabrikaren aurreko garaietan ere. Mundua itzulietara biraka jartzeko lain kilometro egin arren, zientoka dira txirrina jo eta «Los padres de…» esanda seme-alabak besarkatzerik ez dutenak. Eta izoztu direnak, lurrundu direnak, izarren hauts direnak honezkero…

Ez naiz inozoa, etorkizunean ere borroka egin beharko mendea eta segundoa gurutza daitezen, baina orain, egin dezagun bidea, eta ekar ditzagun etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.