Enpresa batean egin du lan orain arte. Kapital publikoa duen enpresa batean, Gobernuarendako hainbat lan egiten dituena langileak administraziokoak izan gabe. Alde ederra dago mendiko ingeniari gisa enpresa horretan lan egin edo Gobernuan bertan aritu, baina lanean hasteko bere curriculumari buruzko elkarrizketa besterik ez zioten egin, eta beste baterako utzi zuen oposizioak prestatzearena. Denbora edukitzen zuenerako.
Hartu zuten bezala bota zuten enpresatik. Susmoa dauka ezkonduko zela iragarri zuenean hartu zutela nagusiek botatzeko erabakia, baina ez zen ausartu inori ezer esatera. Badaezpada. Berriz deituko ez zuten beldur. Negua pasatuta, apika. Suteen kontrako kanpaina hasterakoan.
Handik gutxira haurdun geratu zen. Ia pentsatu gabe hartu zuten erabakia, denbora izanen zuelako haurra zaintzeko, ez zuelako goiz eta arratsalde lanean aritu behar izango haurra haurtzaindegian utzita.
Umezalea da eta plazer handia izan da bere haurra zaindu ahal izatea. Hilabeteak ia oharkabean pasatu zitzaizkion hasieran, baina gero eta luzeago egiten ari zaizkio. Ez dute enpresatik deitzen. Ez dute inongo enpresatatik deitzen. Lorezaintza ikastaro batean izena eman eta lanean aritu da udaletxerako. Hori ere bukatu zaio, eta curriculumak hara eta hona bidaltzen hasi da. Adina, sexua eta argazkia kentzea aholkatu diote, errazagoa izanen duela horrela nonbaitetik deitzea.
Parkeko gainontzeko amei begiratu die. Batzuek aukeratu egin zuten lana utzi seme-alabak zaintzeko bikotea —gizona, noski—, baino lan makurragoak edo okerrago ordainduak zituztelako, baina egoera berean daude denak egun, lana uztea hautatu dutenak eta lanik gabe geratu zirenak. Batzuek ezin dute lantokira bueltatu, moldaketak egin dituztelako enpresan, eta lanpostuak murriztu. Beste enpresa batzuk itxi egin dira. Urte hauek seme-alabei dedikatu dizkiete, eta ez dute trebatzen jarraitzeko aukerarik izan. Ez dute etxeko andrea izatea hautatu, ez, behintzat, horrenbeste denbora.
Larrepetit
Etxeko andreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu