Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian eraman diren borrokek memento gazi ugari ekarri digute. Memento gozo biziki guti. Hala ere, edozeinek botila erdi hutsa ikusten duen lekuan, hemen, beti, erdi betea ikusi dugu. Eta botila, huts-hutsa delarik ere, airez beterik ikusteko joera baikorra dugu. Esperantza omen da galtzen den azkena.
Marilyse Lebranchu ministroak Ipar Euskal Herriaren ezagupenean lan egiteko engaiamendua hartu zuen atzo Parisen, euskal ordezkarien aitzinean. Madrilek Euskal Herriko gaiei buruz ezetz eta kitto dioen bezala, Parisek beti zeharkako erantzunak eman izan ditu, ondotik ezezkoa agerrarazteko. Oraingoan, badirudi ate bat ireki duela.
Lanean segitu beharko dugu, beraz, hitzemandako ezagupen horrek egiazko ezagupen instituzionala ekar dezan, eta ez axaleko ezagupena edo ezagupen folkloriko bat. Egunkarietan izatetik mapetan izatera pasatu behar dugu behingoz.
Egia erran, klase politiko guziak eta egitura sozial, kultural eta ekonomiko orok bat egin duelarik lurralde ezagupenaren alde, ezinezkoa zen ere atea hestea. Gaur ukanen ditugu atzoko bilkuraren xehetasunak. Ministroa Euskal Herrira etorriko omen da bertako eragileekin biltzera. Ados, bil gaitezen, baina ez dugu lokartu beharko, ez baitugu asti handirik.
Gaur egun Ipar Euskal Herrian bizi diren biztanleen erdiak Frantziatik etorritakoak dira, eta proportzioa urtez urte handitzen ari da. Palestinan bagina, Gazan edo Zisjordanian, kolonoez mintzatuko ginen, kostaldeko asentamenduez. Baina hemen, errealitate hori agerikoa ez denez, ezin halakorik erran. Orain arte lortu da kanpotik etorritakoa integratzea. Ohartzea herri honen izaera eta gisa berean motorra bere kultura eta bere hizkuntza direla.
Lurralde elkargo batek tendentzia ez du aldatuko beharbada, baina gutienez gure izateari eta hizkuntzari babes bat eskainiko lioke.
Larrepetit
Ezagupenaren bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu