Fedeak gurean izan zuen garrantziaren lekuko, igandeko ospakizuna dugula idatzi zuen orriotan orain egun parea Andoni Egañak. Iraganean. Fedeak gurean izan Zuen garrantziaren lekuko. Orainaldian, fedeak gurean Duen garrantziaren lekuko osteguneko ospakizuna izan da. Joan den ostegunekoa. Ez Santukoa. Athleticen partida santukoa baizik. Beno, joan den ostegunekoa, eta aurrekoa eta etorriko direnetakoa. Athleticen partida ia guztietakoa.
Ez dakit benetako fedea ote den. Ez dakit benetako fedea zer den ere. Ez dut uste prozesioan doan irudi batean begiak blaitzeak fedearekin zerikusirik duenik. Baina, Ama Birjina edo Kristo jakin baten irudiari zenbaitek erakusten dion horren oso antzeko zerbait ikus liteke Athleticeko jokalariak zelairatzean haiei begira dauden zaleen begietan. Ez dut inor «guapo!» esaten harrapatu, baina ziur nago bat baino gehiagoren gogoa ez dela urruti ibiliko. Eta fedeago iruditzen zait hauena. —Eta erraza dirudi egun santuetan edo bestetan fede bila santu izena duen zelaira salto egiteak, eta errazago oraindik, ezizena Katedrala duenean, baina nigan fedea duen lagun fedegabe bati zor diot ikusi batera hain agerikoa dirudien lotura—.
Konforme. Hiztegiak ez du Athletic lotzen (oraindik) fedearekin: «erlijioko egia eta dogmei buruzko edo gizakiaren naturaz gaindiko gauzei buruzko sinesmena» dela irakurri dut, eta «bertute teologala, Elizak erakusten duen egia ziurtzat sinestean datzana». Baina fede gehiago usaindu (entzun? sentitu? bizi?) zitekeen athleticzaleen artean joan den ostegunez, egunari zegozkion funtziotara arrimatu ziren fededunen artean baino.
Eta fedea, edo badaukazu edo ez daukazu. Inbidia diet dutenei: kanpotik ikusita ematen du trabarik handiena txiki eta helbururik txikiena handi bihurtzeko indarraren jabe direla. Eta hori fedea da. Edo antzeko zerbait.
Larrepetit
Fedeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu