Canal+ kate frantsesak GALi buruz egin berri duen erreportajeak argi utzi du urteetan Euskal Herrian segurtzat genuena : GAL, Espainiar Gobernuak, Felipe Gonzalez buru, antolatu zuen. Argi uzten du ere bai Frantziak hori hastapenetik bazekiela eta François Mitterranden gobernuak estali zuela.
Erreportajeak bagenekiena ere agertzen du : frantses eskuina gobernurat heltzean, errefuxiatuak garbitzea onargarri zitzaiola, baina frantses hiritarrak, aldiz, ez. GALen hainbat ustezko hanka sartzeren ondoren, Charles Pasquak argi eta garbi adierazi zuen ez zuela gehiago onartuko GALen ekintzarik, eta dozenaka euskal herritarren espainiaratzea eskaini zion trukean Madrili.
Baina Espainiak GAL antolatu zuela eta Frantziak babestu zuela jakiteaz gain, Frantzia ere antolatzaile izan zela jakiteko beste 30 urte itxoin beharko ote dugu? Frantziar Estatuko aparatu guztiak egon ziren GALen aferan inplikaturik, egin diren ikerketa urriek agertu dutenez. Errepublikako estoldetan badakite Baionako jendarmeria, Hendaiako polizia nazionala (PAF), Bordele eta Baionako militarrak, baita zerbitzu sekretuetako kideak ere GAL frantsesaren antolaketan egon zirela. Justizia aparatuak ere bai, Baiona eta Paueko prokuradoreek galkideak atxilotzerakoan gehienak libre utzi baitzituzten, ustezko prozedura akatsak tarteko. Eta Justizia ministerioa ere bai, Defentsa Sekretua ez baitu sekula kendu, jujeek GAL frantsesaren adarrak iker zitzaten. GALen hilketa gehienak argitu gabe daudenean, nahiz eta zantzu garbiak izan. Besteak beste, Georges Mendaille Xabier Galdeanoren hilketagatik kondenatu zuten, baina bere autoan Mikel Goikoetxea hil zuen lunetadun fusila atzemanik ere, ez zuten sekula hilketa horregatik auzipetu. Zenbat urte ere Frantziak aitortu dezan, Espainiaratze masiboak egitean, jakin bazekiela euskal herritarrak espainiar polizien esku uztean basatiki torturatu zituztela?
Larrepetit
GAL frantsesaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu