Aurrekoan, larunbatean, Donostiako manifestazioan egon nintzen. Lelo asko bota ziren, laburbilduz: 26ko grebarako deialdia zabaltzen zuten, eta, bestetik, murrizketen kontrako mezuak entzun genituen. Garrasiak buztanaren hasieran eta bukaeran entzuten ziren. Bitartean, erdian kokatzen zen gehiengo batek, leloak alde batera utzi, eta eguneroko gauzez hitz egiten zuen.
Bertan nengoela, gure manifestaldiez gogoratu nintzen. Martxoak 8, azaroak 25, ekainak 28, alegia, Emakumeen Eguna, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna eta Lesbiana, Maritxu eta Transexualen Eguna dela-eta antolatzen ditugun manifestazioetan pentsatzen hasi nintzela.
Feminismo, transfemenino eta trans-maritxu-bollo gaien artean mugitzen garen taldeok ibilbide berezi bat izan dugu gure herrian manifestazioak antolatzerakoan. Oro har, historia hegemonikoan, feminismoak ekarpen mamitsuak egin dizkio protesta eta desobedientzia estrategiei. Hau da, manifestazio eta protesta formatu tradizionalak eta, bide batez, maskulinoak guda dute borroka egiteko eredu bakartzat. Manifestazio serioek ez dutela musika behar pentsatzen da, edo, manifestazio horietan dantzatzea edo abestea gaizki ikusten da.
XIX. mendeko sufragisten antzera, guk musika eta abestiak erabiltzen ditugu askotan gure aldarrikapenak botatzerakoan. Garrantzitsuena mezuak plazaratzea eta garrasi ozenak botatzea da. Gure ustez, posible da, eta gomendagarria, borroka eta plazera uztartzea. Bizitza lapurtu nahi digun sistema kapitalista eta matxista honek nahiko min egiten digu.
Protesta egun hauetan ez ahaztu: kalea hartzen dugu ozen garrasi egiteko, gure gorputza leloen doinuari jarraituz astintzeko. Gure protesta eta haserrea zoriontsu plazaratzeko. Ez diogu utziko sistema bortiz honi denon indarrak ematen digun zoriontasuna lapurtzen.
Larrepetit
Garrasiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu