Gertatzen da noizbait maite izandakoa berriro ikusitakoan bezala. Edo xamurtasunez begiratzen diozu bizitakoa ederra izan zela gogoratuz eta ez duzu eragozpenik berriro harekin egoteko (jakinaren gainean ez dela behin izandakoa errepikatuko, —eta ezta beharrik ere!—), edo nahiago ezikusiarena egin eta, pasatakoak pasata, zeure espaloian aurrera jarraitu. Aberasgarriagoa da lehendabiziko aukera. Zailagoa ere bai. Baina beste dimentsio bat ematen dio hartu-emanari, eta baita zeure buruari ere.
Gertatzen da lehendabiziko bistadizoan liluratu zaituenarekin bezala. Itsu-itsuan sentituko duzu gerturatzeko beharra. Eta, beharbada, zoriontsu egingo zaitu haren alboan egon ahal izateak. Eta, beharbada, zoriontsu izateko lehen kolpean liluratu zaituen itxura baino gehixeago behar dela jabetuko zara.
Gertatzen da pixkanaka, egunerokotasunaren erritmoan maitatuz joan zarenarekin bezala. Ezinbesteko irudituko zaizu denbora aurrera joan ahala, egunero ematen dizulako zerbait. Eta zerbait horrekin konforme, gauero haren arnas hotsak hor jarraitzen duela sentituz lokartuko zara.
Halaxe gertatzen da liburuekin. Izan litezke kanpotik eder eta barrendik ustel; izan litezke itxuraz liluragarri eta mamian hutsal. Izan litezke konpainia atsegin, dibertigarri, entretenigarri. Izan litezke interesgarri alditxo baterako, edo interesgarri gaur, eta etzi, nork jakin. Barrea eragin dezakete, eta negarra. Min egin dezakete, eta kontsolatu. Inoiz irudikatu gabeko munduetara eraman gaitzakete sofatik mugitu gabe, edo amestu izan ditugun abenturak biziarazi.
Eta, gainera, ez dira zapuzten abandonatuz gero, ez gaiztotzen ez ditugula maite esanez gero. Ez dute mendekurik hartzen, ez aurpegiratzen beste batzuekin ibili ondoren itzuli izana.
Liburuei eskainitako egun bakarra? Bizitza merezi dute.
Maitasun istorio askok baino gehiago.
Larrepetit
Gertatzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu