Eman dezagun berandu iritsi zarela. Eta ez dela izan zure gogoz. Eman dezagun bidean gertatu zaizkizunak ez direla sinistekoak. Ez duzu iratzargailua entzun, zenbakiz nahastu egin den eta ulertu nahi ez duen ezezagun batek esnatu zaitu eta faborearen trukean, modu txarrez moztu diozun arte entretenitu zaitu, irteterakoan giltzak etxe barruan ahaztu dituzula jabetu eta bizilagunarengana igo behar izan duzu urjentziazko kopiaren bila, berriz ere sartu ahal izateko, etxekoekin batera dauzkazun autoarenak eskuratutzeko, garajeko ate automatikoa ez zebilen argindarrak jai hartu duelako justu zuk behar zenuen unean, gasolindegiraino justu-justu iritsi zara bart gauean eginkizun horretan bost minutu galtzeak pereza eman dizulako, kamioi guziek erregai depositua orduantxe bertan betetzea erabaki dute, egunero egiten duzun bidea itxita dagoela jakinarazi dizute eta ohikoa ez duzun bidetik segi beharko duzu, barkatu eragozpenak, presaren eta amorrazioaren eraginez ez duzu lehendabizikoan asmatuko, eta hala ere, ailegatuko zara, parkingean ez dago tokirik, auto bat irtetera doan unean atzetik sartu zaizun azkar usteko batek lapurtuko dizu tokia, harekin eztabaidan aparkatzeko tokia galduta eta beroaldia irabazita geratuko zara, eta halako batean zabalduko duzu atea «barkatu» esanez.
«Zer?» galdetuko dizute, «jakin liteke zergatik etorri zaren hain berandu?»ren tokian. Eta zuk: «Istripu txiki bat».
Berri paper guzietan azaldu den traste berri bati esker (bideo kamera eta aurpegiko odolaren gorabeherak neurtzen dituen sensorea osagai) segituan antzemango omen dizute gezurretan ari zarela!
Alferrikako saioa. Beste bat. Egia askok asaldatzen du eta aztoratzen, eta aurpegia aldatzen, gezurrak baino gehiago.
Sekula asmatuko ez dutena da gezurra esatea batere axola ez zaion gezurtia harrapatuko duen trastea.
Larrepetit
Gezurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu