Zazpi orduko hegaldiaren ostean, Barajasko aireportura iritsi nintzen. Eta han, berriro ere segurtasun neurri berriak pasa behar terminalez aldatzerako orduan. Nire aurrean, ilaran, Europa iparraldeko herrialderen bateko adineko bikoteirribarretsu bat. Segurtasunaz arduratzen zen gizonezko«gogorik gabe» baten parera iritsi eta, «tarjetas de embarque» y«pasaportes» oihukatu zigun, zakar. Nire aurreko bikoteak, gazteleraz ulertu ez, eta irribarrea galdu gabe, ingelesez esaldi bera entzungo zuen zain geratu zen. «Que les he dicho que las tarjetas de embarque y pasaportes, si no no van a pasar», berriro, aurrekoan baino zakarrago. Bikotea, elkarri begira, lotsa puntuarekin, zer egin ez zekiela, ezin ulertu. «Tarjetas de embarque y pasaportes, joder», berriro. Neronek paperak galdu aurretik, ingelesera itzuli nien.
Nola liteke, Barajas bezalako Nazioarteko aireportu batean, eta bereziki mundu guztiko jendearekin harreman zuzena izango duen langileak ingelesez tutik ere ez jakitea?
Seguru nago, mediku, ertzain, irakasle, politikari, administrazioko langile, ogi saltzaile, zapatari, metroko langile eta farmazialari makina batek, Barajasen nik bizitakoaren aurrean, kasik sentipen antzekoa eta iritzi bera izango dutela.
Baina konturatu ote dira, osasun etxera, komisariara, ikastetxera, parlamentura, okindegira, zapata dendara, metrora edo farmaziara joaten garen euskaldunak ere berdin sentitzen garela?Zakarkeria ere maila berean sentitu dezakegu. Eta kasu horretan, gogorik gabekoak argi dago zeintzuk diren. Ze hori da hizkuntza bat ikasteko errezetako osagai nagusiena: gogoa, nahi izatea.
Mezu baikorra bukatzeko: probatu, bizi, sentitu, ulertu eta aberastu. Ziento bat aukera dauzkazu ikasteko. Eta ez da hain zaila. Benetan.
Larrepetit
Gogoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu