Larrepetit

Gorputz ereduak

Josebe Iturrioz.
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Dirudienez, Photoshop-en aurkako kanpaina bat hasi dute. Ez diseinurako eta argazkiak moldatzeko baliagarria den aplikazio informatikoaren aurka, baizik eta gailu horri ematen zaion erabileraren kontra. Zelako sorpresa hartu nuena, hainbat tokitan horrek azalpenak behar zituela konturatu nintzenean. Jende askorentzat, horrelako gailu informatikoek kalterik gabeko ukitu edo moldaketa txikiak egiten dituzte argazkietan, koloreak aldatu, filtro txikiren bat... makillaje puntu bat balitz bezala, irudia pittin bat hobetzeko egiten den moldaketa ikusezina. Aldaketa horiek hain txikiak badira, zergatik dira hain beharrezkoak? Eta, hausnarketarako bide berriak irekiz, zein gorputzetan aplikatzen dira sistematikoki ukitu txiki horiek? Zalantzarik balego, azkeneko galdera honi erantzun egingo diot: emakumeen gorputzetan. Lehenengo galderari erantzunez, ukitu horiek gehien jasan behar dituzten gorputzak modeloen eta antzezleen gorputzak dira, teorian munduan dauden gorputzik ederrenak. Ukitu horien xedea teknologikoak diren gorputz ereduak sortzea da. Existitzen ez diren eredu tekno-ideal horien bitartez, errepresentazioen erreinutik gorputz normalak eta errealak kanporatzen dira.

Emakumeen gorputzak askotarikoak dira. Gainera, gorputz batek bere bizi iraupenean egoteko era ezberdinak garatuko ditu. Gorputz helduak, lodiak, lesbikoak, arrazializatuak, gazteak, maritxuak edo edozein motatakoak izan daitezke; gainera, aipatutako horiek bere artean gurutzatu egin daitezke: lesbiana den emakume heldu beltz bat, adibidez. Zergatik ez dira gorputz horiek inon irudikatzen? Horren truke, iragarkietan merkantzia bilakatu diren gorputzak eskaintzen dizkigute, gure desiraren objektu bilakatuko diren gorputz ezinezkoak. Beraz, zer daukagu? XXI. mendeko emakumeak etxetik kanpo lan egin behar duela, umeez erditu, etxeko lanak egin eta, gainera, jainkosa anorexiko baten itxura izan behar duela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.