Azkenaldi honetan askotan tokatu zait presoei eta kartzelei buruz hitz egitea. Hori dela eta, sarritan jendea kalean gerturatu egiten zait, eta bere bizitza kontatzen dit, berea edo beste batena. Izugarria da mundu honetan dagoen injustizia kantitatea; kilogramotan kontatuko bagenu, munduak berak ez lioke eutsiko. Injustiziaren pisua astunegia da, justiziarena baino astunagoa.
Kasu honetan, norbaitek Gasteizko Gotzone bati buruz hitz egin dit. 1989an atxilotu zuten, ez dakit zergatik; dakidana da preso politikoen poltsa bitxi horretan erori dela. Bitxia da poltsa hori, pittin bat eskizofrenikoa delako. Hau da, batetik, neurri bereziak aplikatzen dizkiote preso kolektibo jakin bati, baina negoziazioak bideratu behar direnean preso arruntak dira. Beraz, gabeziak garatzeko eta eskubideak ukatzeko, preso bereziak dira, ezohikoak, baina euskal gatazka ikusarazi nahi bada, preso arruntak dira. Gure Gotzoneren kasua eskizofrenia horretan mugitzen da. Legearen arabera, kalean egon beharko luke: batetik, zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako, eta, bestetik, oso gaixo dagoelako.
Jende askori entzun diot esaten: «Terrorista horiek zulo batean sartu, eta giltza bota». Dirudienez, hori da estatuak egin nahi duena presoekin, baina kontuz, hori egiten duen estatu bat deslegitimatu egiten delako. Kartzelak ez daude jendea han botatzeko eta beraietaz ahazteko, ez daude eraikiak mendekua hartzeko. Teorian, birgizarteratzea da erakunde horien helburua, ez zigorra. Normala da pertsonak momentu oso gogorretan mendekua nahi izatea, baina hori ez da erakundeen papera. Estatuak, pertsonak torturatzen, erailtzen eta bortxatzen dituztenean, edozein hiltzaile baino okerragoak dira. Gainera, gehienetan estatu horiek ez dituzte basakeriarik handienak zigortzen, beraiek egiten dituztelako. Bestela, non daude Irak eta Afganistanen erail dituzten pertsona horien guztien errudunak? Non daude Azoreseko hiltzaileak?
Larrepetit
Gotzone
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu