News of the world-en aferak hedabideen jarduerari buruzko salaketa andana eragin du uda honetan. Hedabide eta polizi zerbitzuen arteko hurbiltasunak, informazio bat lortzeko denak balio duenaren usteak, mediorik garrantzitsuenak guti batzuen eskuetan egoteak, gogoeta filosofiko merkeak eragin dituzte, bereziki frantses hedabideetan.
Italian Silvio Berlusconik duen hedabide publiko eta pribatuen monopolioaren ondoren, Murdochek Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan duena deskubritu dute bat-batean, eta behar bezala salatu, noski.
Frantzian medioak demokratikoak omen. Baina hurbiletik so eginez gero, garrantzitsuenak talde industrial berberen peko direla ageri da. Garrantzitsuenak Lagardère, Bouygues, Dassault, Arnaut eta Pinault dira. Bost talde, itxuran lehia edo aniztasunaren seinale izan daitekeena, baina hor ere, batzuen eta besteen administrazio kontseiluetako kideak partekatzen dituzte, eta hedabideen jabegoan ere akzio partekatuak dituzte. Bosten artean, audientziaren erabateko gehiengoa kontrolatzen dute hedabideetan, izan irrati, telebista, egunkari, edizio, banaketa, izan Internet eta telefonia.
Beste ezaugarri batek ere batzen ditu bost taldeetako buruak, bostak Nicolas Sarkozyren lagun minak baitira, eta presidente jaunak hauteskundeak irabazi zituen 2007ko maiatzaren 6ko gau hartan, elkarrekin afari-ospakizun pribatuan parte hartzeko xantza ukan zuten.
Batzuek zein besteek Estatuko kontratuak dituzte eguneroko ogi, izan dadin armamentuari dagokionez, izan dadin telefoniako lizentzia edo eraikuntza arloan. Truke truk, ez dute arazorik jakiteko elkarri egin faboreak batak besteari nola itzuli...
Eta guti balitz ebzala, orain telebista eta irrati publikoko arduradunak zuzenean Errepublikako lehendakariak izendatzen ditu, lege aldaketa bat dela medio.
Egia dute, hobe Mantxaz eta Atlantikoz bestaldera so egitea, etxe barnera baino.
Larrepetit
Hedabideen kontrolaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu