Egun berezia da gaur, lanean hasteko eguna. Uda bukatu zaizu, eta udazkena arte gelditzen diren hogeiak abuztuan lortu duzun beltzaran-kolorea nola higatzen den ikusiz joango zaizkizu.
Bart amesgaiztoak izan dituzu: nagusiaren aurpegi ozpinduaren erdian «gaur ere berandu» jaurtikitzen duten ezpain ikaragarri batzuk; lankideen mahaietatik zurera hegan doaz paper pila erraldoiak; kexa-liburuak astinduz datozen bezero haserretuen ilara amaigabea; belarriak zulatzen dizkizun tailerreko makinen zarata burrunbatsua; zu itotzeraino hazziz doaz bulegoko paretak gero eta lodiago, gero eta altuago, gero eta ilunago; denak batera marruka mehatxatzen datorkizun ikasle masa ikaragarria; «bihar ere lanera, etzi ere bai lanera, etzidamu lanera», etengabeko letania errepikatuz inguratzen zaituen herio itxurako mamu-hegalari saldoa...
Esnatu zarenean, oso urrun sentitu dituzu opor hasierako egun distiratsuak, ia ahaztuta dituzu ur izkinan egindako ibilaldiak, kamiseta kenduta igotako mendi maldak, eguzkipean asmatutako fantasia beroak.
Autoan MP3a piztu duzu, baina are gogorragoa egiten zaizu lantokirako bidea udako arratsaldeetako usaina dakarkizun doinuekin. Irratia piztu duzu, gaur irailaren lehena dela, eta zenbatentzat den lan-hasierako eguna, eta horrek ekartzen duen nahigabeaz eta estresaz solasean ari den esatariari entzuteko.
Lantokira iristean, barrenanahastuta, eztarrian sekulakokorapiloa eta malkoak begietako hegian eutsi ezinik —zure eta lanaren artean segurtasun distantzia premiazkoa jartzearren—egunkaria zabaldu duzu,badakizulako krisi ekonomikoaren larriaz enegarren aldiz irakurtzeak anestesia-efektu eraginkorra izango duela. Lehenengo orritik hasi zara, eta, bosgarrenerairistean, irailaren lehena den honetan, ispiluan bezala, zeure burua ikusi duzu islatuta. Negarrez lehertu zara.
Larrepetit
Irailaren lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu