Larrepetit

Irakurtzeko behar

2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Munduan gertatzen diren istripuak populazioaren %30i gertatzen zaizkiola entzun genion duela gutxi osasun arloko lagun bati. Estatistika batek zioen. Ez dakit trafiko istripuez soilik mintzatzen ari zen edo bestelakoez ere. Baina, medikuntza alternatiboaren esparruan ari den lagunaren ustez, gizakiaren herena omen da bizitzan ikasteko bide hori egin behar duena.

Estatistikak, jakina, irakurketa asko eta maila askotakoak izan ditzake, istripuek ere irakurketa asko eta maila askotakoak dituzten bezala.

Istripua izan duenaren inguruan —onik atera bada— bat-batean zabaltzen da irakurketen atea. Hurbileko guztiek parte hartzen dute jarduera horretan. Batzuek gerta zitekeenaren ikara erakutsi ondoren, nahiko erraz pasatzen dira, ez dela horrenbeste izan eta, arindura adieraztera. Beste batzuek zuzenean egiten dute buelta hori: zitekeena aipatu gabe, jasandakoa bizitzarako larria ez dela azpimarratu eta ahal den neurrian zein ondo gauden, bizirik, kontatu dezakegula, elkarrekin gaudela, eta abar ospatzen dute. Badaude ezbeharra izatera izandako zirkunstantzietan barrena ibilaldia egiten dutenak ere. Hamar minutu lehenago atera izan balitz ez zela gertatuko edo beste bidea hartu izan balu... Ez da gaitzespena, gertaeraren aurrekariak eta baldintzen artean egiten duten paseoa baizik; edo hartara eramaten gaituzten kasualitateek sortutako harridura besterik ez. Eta badira beste maila batera joaten direnak ere, istripua izan duenak zer edo zer ikasi beharko duen ustean. Bizitzaren esanahiaz edo bere sakonenarekin lotuta doan zerbait.

Ezbeharra izan duenak jaso ditu hurbileko guztien ekarpenak eta badaki estimuak eta maitasunak ekarriak direla. Berak ere sakon-sakon irakurri nahi du gertakaria. Baina nola egin betaurreko progresiboak txikituta gelditu bazaizkio istripuan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.