Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Jeneralik ederrena

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Asteburua gogorra izan da, oraindik errekuperatzen ari naiz. Ostiral honetan Bilgune Feministak, EHGAMek, Garaipenek eta Medeak, ekainaren 28a zela eta, antolatutako festan lanean egon nintzen. Goizeko zazpietan bukatu, dutxatu eta Irunera joan nintzen, Alarde berdinzalea txalotzera.

Irunen paseatzen hasi ginenean, gaupasaren eraginez segur aski, nire neuronak bakar-bakarrik hasi ziren pentsatzen. Nahi gabe, lesbiana, gay eta transexualen festa, Irungo Alardearekin alderatzen hasi nintzen. Gure festatik nentorren, askatasun sentsazioa nagusitzen zen nire gorputzean, eta, bat-batean, gizon armatuak ikusi nituen kalean, gaizki begiratzen ziguten gizon armatuak. Kalea hartzen zuten, beraien eskopetekin. Denak ziren gizon hegemonikoak, han ez zegoen ez maritxurik, ez transexualik; gizon normatiboak bakar-bakarrik. Jende askok ezin du ulertu zenbateraino den biolentoa niretzako emakumerik gabeko desfile bat ikustea; gizon armatu horiek beldurtzen naute. Gainera, emakumeak gertu ez dituztela nahi jakiteak gehiago ikaratzen nau. Zer da babesten dutena? Baginak dituzten gorputzek ezin dituztela armak eraman herriko jaietan? Nik uste, gizontxo horiek guztiak zoratu egin direla, sinetsi egin dute benetako armada arkaiko baten parte direla. Urtean irudikatzen den antzerki erraldoi hori sinistu egin dute.Azken finean, hori da bizitzan lortu duten guztia, herriko jaietan titulu militar faltsu bat izatea.

Pentsatzen ari nintzela, han agertu zen Alarde berdinzaleko Jenerala. Nire burutazioak alde batera utzi, eta zaldi gainean zetorren emakume eder horretan kontzentratu ziren nire begiak. Zelako indarra! Emakume horri esker, jeneral hitzari esanahia aldatu diot. Gure jenerala egungo borroka erreal batean murgilduta dago, beldurra pasatzen du bere eskubideak defendatzeagatik eta ez du indarkeriaren apologiarik egiten. Inoiz ikusi dudan jeneralik ederrena eta koherenteena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.