Ez dakit bilera non izan den. Ez dakit zertarako elkartu diren ere. Ez dakit ze erabaki hartu dituzten eta zenbateirano izango diren erabaki horiek garrantzitsuak gure bizitzan. Bakarrik dakit beste behin ere kamerei begira geratu naizela.
Eta kazetari guztiak denak elkarrekin, bakoitza bere kamera edo mikrofonoa eskuetan, multzotxoan jarrita, agindutako tokitik mugitu gabe zintzo-zintzo, otzan, lana-edo egiten ari ziren tokira.
Uste dut izan zela garai bat kamerak bila joaten zirena. Une esanguratsuen bila. Garrantzitsuak ziren edo uste zituzten detaileen bila. Beste inork ikusi ezin zituen momentuen bila. Uste dut, edo sinistu nahi dut, izan zela garai bat, kamerari non jarri agintzea nahikoa zena, kamera beste norabait begira jartzeko.
Ez dakit noiz aldatu ziren gauzak. Ez dakit nork konbentzitu zuen nor, elkarlana beharrezko zutela eta zintzo portatzen baziren zintzo portatuko zirela eurak ere. Eta oso zintzo portatzen dira: kazetariak beren hesiaren atzean eta politikariak, huts egin gabe, harantz inguratu eta titularra emanez. Aste honetakoa zen eurobonuak bai batek, eta eurobonuak ez besteak. Uste dut.
Pozik oheratuko dira politikariak, mezu argi, labur eta garrantzitsua eman dutelakoan. Sinistu nahi dut kazetariak ezetz. Izango dela bakarren bat kamera beste norabait zuzendu nahiko lukeena. Toki ustez pribilegiatu eta ondo antolatu horretan jarri dieten tokia utzi eta etxearen atzeko aldera begira jarri nahiko lukeena.
Sinistu nahi dut bakarren bati pasatu izango zaiola burutik kamera bakarra nahikoa litzatekeela politikariak esan nahi duena esan nahi duen eran eta tokian jaso eta munduari zabaltzeko. Bakarra.
Eta ez da gainontzeko guztiak langabeziara kondenatzeko gogoa. Alderantziz. Gainontzeko guztiak kameren begirada merezi edo behar duten tokietara bideratzeko ahalegina besterik ez da.
Larrepetit
Kamera zintzoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu