Ordu gutxitako aldearekin ideia bera airean: zahartzeak libreago egiten gaitu. Zaharrenak esan du argien. Leonard Cohenek. Askatasunaz hitz egin du, edadearekin sentitzen duenaz. Ramon Saizarbitoriari ere entzun diogu zaharra dela. Ez du esan adinak askeago sentiarazten denik, baina bai, daukanarekin ez zaiola jada asko axola jendeak zer esaten duen. Eta horrek, askatasunetik oso gertu behar du. Hiruretan gazteena, izeba Rosemary ahotan hartuta. Galdetu omen ziolako behin delako izebari ea nola zen posible hainbeste urterekin gaztetan baino hobeto kantatzea. Eta hark erantzun, hobeto kantatzen zuela jada ez zuelako ezer demostratu beharrik. George Clooney iloba ere halatsu: jada ez daukala ezer demostratu beharrik esanez. Eta aske sentitzen dela benetan intereseko zer zaion eta zer ez aukeratzeko.
Zahartzeko gogoa sortzen zaio bati. Une batez.
Atzo bertan, hemen, lerrootan: Suzanek 70 urte ditu. Hotz egiten du, eta, karakolen moduan, etxea gurpildun karrotxo gainean hartuta ibiltzea nekeza egiten zaio. Aterpetxean hartuko du lekua. New Yorken.
Atzo bertan, hemen bertan, nire atarian: Ez du bere etxean sartu nahi Mariak. Patriciari errietan ari da. Nora daraman, zergatik etorri diren etxe hontara, ea bera nor den ezer agintzeko, ez atzetik segitzeko gehiago, bakarrik nahi duela, edo alabarekin bestela. Ez bada joaten builaka hasiko dela, bizilagunei laguntza eske. Patriciak, mimo handiz, besoetan hartu eta sartuko du igogailuan.
Zahartzeko gogoak joaten zaizkio bati.
Ez gaitu gogoak zahartzen. Gogoaren araberakoa balitz, zaharrik apenas izango litzatekeen. Ez-eta urteen joanak, berez, askatasuna ekarriko balu ere. Urteen joanak, ordea, ez gaitu libreago egiten, bizitako egunez beharrean, joaten utzitako egunez bete ezkero.
Nik nahi dut. Libreago. Leonard, Ramon edo George edozein adinetan bezala.
Larrepetit
Libreago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu