Larrepetit

Loteria

Josebe Iturrioz.
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Joan den egunean jakin nuen euskaldunok 100 eurotik 200 eurora gastatzen ditugula loterian. Milioika lagunek jokatzen dute, baina gutxi batzuk dira sarituak. XVIII. mendetik datorren tradizio horren helburua zergak jasotzea da. Gerrateetan gastatutako dirua berreskuratzeko, jendea molestatzen ez zuen zerga bat asmatu zuten. Joko horretan gutxi batzuen zorteak du lehentasuna, eta sobratzen den diru guztia estatuak eskuratzen du; kasu horretan zorteak ez du zer esanik. Diru hori zertan gastatzen den ez dakigu, segur aski kopuru handi bat merkatuen konfiantza lortzeko eta haien desegite nahia baretzeko joan dela.

Loteriaren zirku horrek aurrera egiten zuen bitartean, ni Senegaleko emakumeez gogoratzen nintzen. Hain zuzen ere, Garaipen taldeko kide batek azaldu zigun historia batez —emakume immigranteen eta euskaldunen taldea da Garaipen—. Dirudienez, Senegalen beste mota bateko loteria bat asmatu zuten. Emakumeen asmakizun bat denez, ez da historia liburuetan agertzen. Kasu horretan, emakumeak taldetan biltzen dira, eta beharren arabera diru kopuru ezberdinak batzen dituzte. Hau da, haurren ikasketak ordaindu behar direla, etxean konponketak egin behar direla, medizinak erosi... Diru berdina jartzen dute denbora epe ezberdinetan, adibidez 20 euro hilean, eta diru hori taldeko emakume bati ematen diote. Hilabetero emakume batek denek jarritako 20 euroak hartzen ditu. Emakumeek eskuratzen duten diru kantitate bera jartzen dute. Hau da, jokatutakoa berreskuratzen dute. Dirua taldean aurreztean banku txiki bat bilakatzen dira, eta estutasun momentuetan elkarri laguntzen diote diru horrekin. Gure loterian, ordea, askok diru pila jartzen dute, gutxi batzuek milioika euro irabaz ditzaten, eta ez dago elkartasunik; gurean zorteak eta estatuak irabazten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.