Martxoaren 8ko bilkuran, Garapen Kontseiluko eta Hautetsien Kontseiluko hautetsi eta gizarte eragileek Ipar Euskal Herriarendako lurralde kolektibitate edo elkargo bat sortzeko prozedura abiatzea adostu zuten. Orain, instituzio horrek izan behar dituen ezaugarriak definitzen hasteko garaia da.
Legeak aurreikusten duen «izaera bereziko lurralde kolektibitatea» litzateke gurea. Hots, ez da izanen departamendu edo eskualde soil bat —Pirinio Atlantikoak edo Akitania bezala—, baizik eta eskumen bereziak izanen lituzkeen instituzio bat, Korsikakoa bezala.
Hauteskunde bidez hautatutako biltzarra izanen du, aurrekontu bat, diru iturri propioak eta eskumen berezkoak. Lurraldetasunari dagokionez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen perimetroa errespetatuko du.
Hortik aitzina eskumen zehatzak definitzeke daude gizarte, ekonomia, azpiegitura... Aldiz, hautetsi orok bat egin du hizkuntza eta kulturaren eskumenak bereak behar lituzkeela adieraztean. Eta ez da guti...
Bi bide aurreikusten dira. Ipar Euskal Herriko instituzioa, Pirinio Atlantikoen barnean sortuko litzatekeena, eskumen bereziak emeki-emeki eskuratuz. Bide horretatik, haustura ez litzateke irudikatuko, baina administrazio bat gehiago sortzea, krisi egoera honetan, ez litzateke batere bideragarria, eta aitzakia izan daiteke deus ere ez egiteko.
Bigarren bidea azken urtean Iparralderako ezinbestekotzat jotzen diren eskumenak eskuratzea litzateke hastapenetik. Baina horrek tokiko hautetsiek Biarnoarekin bereizteko ausardia izatea dakar.
Ez da inola ere erraza izanen eskumenen arloan eta egin beharreko ibilbidean adostasunak lortzea hautetsien artean. Alderdien barneko presioak ez dira makalak izanen. Bidearen bukaeran Pariseko Asanblea Nazionalak eta Senatuak erabaki beharko dute, lege frantses bat beharrezkoa baita lurralde elkargo baten sortzeko. Bidea hasi besterik ez da egin.
Larrepetit
Lurralde elkargoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu