Sei gizonen argazkiari begira. Denak uniformez, «ondo atera da» keinu unibertsala hatzez eta «ze pozik gauden» keinu unibertsala irribarrez. Zerbait handia egin duen taldea ematen du ikusi batera. Eta handia baino gehiago luzea da egin dutena: 520 egun pasatu dituzte 550 metro karratutako bizitoki zilindriko batetik atera gabe, Martera joan-etorria egiten ari direnen itxurak eginez. Aztertu nahi omen zuten gorputzak eta buruak ze erreakzio izan ditzaketen Marterako bidaiarako beharko litzatekeen denboran.
Emaitza zientifikorik ezean, kazetariei erantzundakoak bakarrik iritsi zaizkigu. «Ez dugu gure artean gatazkarik izan, baina batzuetan ez ginen ados jartzen», batek. «Futbol partidak bidaltzen zizkiguten ez aspertzeko», besteak. «Gabriel Garcia Marquezen obra guziak eraman nituen, denak irakurtzeko asmotan, baina ezin izan dut: zazpi edo zortzi besterik ez ditut irakurri», hirugarrenak. «Familiari eta autodiziplinari esker iraun dut», laugarrenak. Eta aitorpenik hunkigarriena, otsailean, egunerokotasunetik eta «espazio-ontzitik» irten eta Marte «zapaldu» zutenekoa: «unerik errealena izan zen. Eskafandrak jantzi eta bihotza saltoka hasi zitzaigun».
Profesionalek izango al dituztela ondorio sakonagoak ateratzeko nahikoa tresna. Ze, argazkiari begira jarrita ematen duena da sei gizonek izugarri ondo pasatu dutela astronautetan jolasean. Eta orain, uniformeak erantzi eta jarraituko dutela, ados ez jartzen eta futbolarekin gozatzen.
Besteen eskarmentutik ere ikas litekeelakoan —aurten ez, beranduegi—, baina datorren udazkenean egunero jantziko dut kirola egiteko uniformea, gutxienez ordubetez, eta zainduko ditut jatekoa eta atseden orduak. Eta hala, Behobia iritsi arte, hutsik egin gabe. Kontatuko dizuet, agujetarik eta izerdirik gabe, noski, Behobiarako prestatzen ari banintz bezala bizita zer sentitzen den.
Larrepetit
Martzianoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu