Barkatuko didazue, baina gaur haserre nator, eta ez naiz baretuko hemen esan beharreko guztia esan arte. Herrizaingo Sailari Loiolan balaz zauritutako emakumearen kasua ez zaio genero indarkeria iruditzen. Ba nik indarkeria matxista gutxienez badela esan dezaket. Ea herria zaintzen duten horien argumentuaren haria hemen azal dezakedan. Gizonak eskopeta hartu, emazte ohiaren etxera joan, eta handik ez dakit zenbat tiro bota zizkion emakumeari, eta zauritu zuen. Langabezia, krisia izan da. Ez da jeloskor jarri. Jota zegoen munduarekin, krisiarekin! Eskopeta hartu, emazte ohiaren etxera joan, eta patuari eta injustiziei tiro egin die. Kasualitatez, han zegoen neska-lagun ohiari tiro batzuk ere bota dizkio, baina kolateralak izan dira, zibilak erailtzen dituztenen argumentu berdinak.
Tolosan ere gertatu zen Elena Calekin, txiroa zen eta txabola batean bizi zen, bere mutil-lagunarekin eta mutil-lagun ohiarekin. Nahi gabe edo matxismorik gabe, azken horrek labankadaz lepoa ireki zion, eta ospitalean hil zen. Han ere, hasieran genero indarkeria ez zela esan zen, baina azkenean aitortu zuten baiezkoa. Garrantzitsua da esatea, nominalizatzea. Indarkeria matxista kasu bakoitza zenbatua izan behar da. Indarkeria horren estrategietariko bat gure gorputz zaurituak estatistika eta kontzeptuen hertzetatik botatzean datza. Argi esan behar da sistema honek era ezberdinetan eta estrategikoki zauritu eta erailtzen gaituela. Horrela ez dugu ikusten botere kontu bat ere badagoela. Gure legeen arabera, kalean bortxatuak izandako emakumeak, erailtzen dituzten sexu-langileak, tabernatan jipoitzen dituzten bollerak eta maritxuak, egunero diskriminatuak diren transexualak ez dira genero indarkeria kategorian sartzen. Murriztu egin nahi dute definizioa; ez dadila ikus zenbaterainokoa den lotsagarria indarkeria matxista!
Larrepetit
Matxismoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu