Itxaron gelak gainezka, epe amaiezinak, artatze katea etengabea: erien eta osasungintzako profesionalen egunerokoa jasanezina bilakatzen ari da, eta jasangaitza izanen da fite. Ondoko hamar urteetan. Ipar Euskal Herriak sendagileen krisi larria izanen du, %25z apalduko baita medikuen kopurua.
Alta, Akitaniako osasungintza zerbitzurik osoena dugu. Baionako ospitale publiko indartsua, Miarritze, Donibane Lohizune eta Baionako klinika ugari eta espezializatuak. Eskaintza oparoan, baina denak Lapurdi kostaldean kokatuak.
Donapaleuko klinika ixtekotan publiko bilakatuko da. Baina Garaziko klinika kinka txarrean da ere. Baxenafartar eta zuberotar gehienek ez dute urgentziazko zerbitzurik eskura. Lapurdi kostalderako bidea luzeegi denez, familiako medikua dute laguntza bakarra, gau eta egun. Familiako sendagilea, lurrazaletik desagertzen ari den altxor preziatua. Baina kostaldetik hurbilago, Ezpeletan berean, mediku bakarra gelditzen da, eta 60 urte eginak ditu.
Bokazioen krisia omen. Egun medikuen kasik erdiek 55 urte baino gehiago dituzte; 40 urtetik beherakoak, aldiz, %14 besterik ez. Mediku diplomatu berriek ordutegi normalak nahi dituzte, zerbitzuetatik hurbil bizi, gaueko txandarik ez. 10 medikutik batek egiten du bere kontu lan. Besteek nahiago talde handietan sartu eta soldatapeko izan, oren eta diru sartze finkoekin. Ez dute beren bizitza «baserrialdean sakrifikatu nahi»...
Doazela ikasleak medikuntza ikastera, pentsatuko du batek. 70eko hamarkadan urtero 500 mediku ateratzen ziren Bordeleko fakultatetik; egun, numerus klausus madarikatua dela eta, 200 besterik ez. Eta Leioara ikastera joan nahi luketenek bideak itxirik...
Arlo horretan ere, osasun zerbitzuetan barnealde eta kostaldearen arteko oreka zaintzeko eskumena lukeen instituziorik ez du Ipar Euskal Herriak.
Larrepetit
Mediku bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu