Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek beste inork ez opariak ekartzen zituen garaikoa izanik ere, txikitatik nekien Errege Magoak ez zirela errege.
Aita arduratu zen hori argi uzteaz. Ez zirela errege, Ekialdeko jakintsu batzuk baizik, astrologoak edo, zeruan ikusitako izar bat seinale kristauen Mesiasengana iritsi zirenak. Eta tesia dokumentatzeko, urtero, gabon gauean, Biblia zahar batean markatua zuen Beleneko jaiotzaren kontakizuna irakurtzen zigun etxeko guztioi. Jakite horrek —inguruko ume gehienek ez zeukatena— pixka bat desberdin egiten gintuen eta, garai hartan baloratzeko gauza ez izan arren, geroago jakin dugu diferentzia hura atsegin genuela.
Azken urte hauetan, hezitzaile naizen aldetik, guraso askok seme-alabak besteen desberdin izateari dioten beldurraz ohartzeko abagunea izan dut. Iruditzen zaie kaltegarri izango zaiela lagunekiko diferentzia. Umeak taldean integratuta egotea lehenetsiz, bestelako ikusmoldeak ziztatzea zama izango dela uste dute eta mezuak isiltzen dituzte edo jokabideak egokitzen dituzte uniformetasun aldera. Horren ondoan, beste hainbestek, etsiturik, modaren eta kanpoko mezuen eraginaren aurka joatea alferrikakoa dela sentitzen dute: ez dagoela ezer egiterik, gure iritziak ezerezean gelditzen direla masa-komunikabideetatik datorren tsunami ahalguztidunak birrinduta.
Ostera, gure haurren ikuspegi kritikoa sustatzeko garai paregabea dela uste dut nik. Hamaika aukera ditugu horretarako. Haientzako programatzen diren telesail, film eta, zer esanik ez, iragarki komertzialak haiekin batera ikustea eta hitz egitea, iruzkinak egitea, ziri moduan, beste ikuspegi bat dugula adieraztea, publizitatearen tranpak agerian uztea, guztia ez dela arrosa edo urdina, alegia. Ez da alferrik izango.
Nik behintzat, horrelako ziri bati esker, betidanik jakin dut ez niola ezer eskertu behar inongo erregeri.
Larrepetit
Meltxor, Gaspar eta Baltasar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu