Unai Iturriaga.
Larrepetit

Mikeli gutuna

2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Behingoz idatzi behar dizudala gogoratzen dudan aldiro, elkar ezagutu genuen eguna datorkit gogora. Eta gaua. Edanarekin berriketa serioak, serioegiak sarritan, nahasteko gaitza betidanikoa izan baitut. Orain gutxiagotan edaten dut, eta saiatzen naiz etxera bekokirik belztu barik heltzen, gure mundua konpondu beharra kate astun bihurtu baitzitzaidan eta, gainera, biharamunean ezer aldatzeko indarrik barik uzten ninduen.

Maite nituen galdetu zenidan. Maite nituela nik, baina ez zela hori kontua. Maitasunak ez duela esan gura egiten duten guztiari oniritzia ematea, are gutxiago gutako askoren iritziari paso egiten ziotenean behin eta berriz. Bitxia zela, baina gure edalontziak husten ziren modu berean gainezka egiteko zorian zegoela barruan generamana. Ez zen maitasuna faltan nuena.

Pentsatzen dudana, are, pentsatzen dudan guztia esan beharrak bizi izan nau batzuetan. Esatearen jolasak berak bestetzuetan, eta zalantza egiten dut neure ahotsa entzute hutsak ez ote nauen berbara eroan gehiegitan. Ez esatea eta ezkutatzea bi gauza baitira, egiaren labanak dituen bi ahoak lakoak: biak zaurgarri, etenik barik erabiliz gero. Isiltzen dakienak ez du entzuteko belarria zorroztu beharrik izaten, ordea. Entzuten dakienak igarriko du galderak bere baitan daroakeela erantzuna.

Eta berriro galdetu zenidan maite nituen, maria kearen ostetik arin-arina dantzatzen ari zirela ziruditen begi niniekin. Orduan ere, hala ere, ezpain ertzari gorantz, irribarrerantz, tira egiten zioten begi haiekin. Baietz esan nizun, maite nituela, zelan ez.

Behingoz idatzi behar dizudala gogoratzen dudan aldiro berritzen dut estraineko hartan gertatua. Eta jabetzen naiz, isilik egoten jakin izan banu, galdera orori lipar batez erortzen uzteko zor zaion pazientzia izan banu, ohartuko nintzela, ea maite zintudan galdetzen zenidala. Oraindik ez dizut egundo idatzi, baina bai, maite zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.