Frantziako 23 telebista kateek egun guziz libreki emititzen dituzten 33.120 minutuetarik bakarra da euskaraz. France3 kateak eskaintzen du, Ipar Euskal Herriari buruzko berrisail labur-laburrean. Krisiaren aitzakian, kate publikoak minutu bakar hori ere kendu nahi digu Omiasainduz eta Eguberriz.
Minutu bat laburra izan daiteke, edo eternitate, minutu hori gora-behera, gure hizkuntza pantailetatik desagertzear da. Jadanik asteburuetan euskara telebistatik desagertzen zen. Orain bakantzetan, herritarrek telebista aitzinean egoteko asti gehien dutenean ere desagertuko da. Minutu guziak bateratuz, urte osoan telebista publikoak 2 oren baizik ez ditu euskaraz ematen, Kortsikan (biztanle kopuru berarendako) 120 oren direlarik kortsikeraz.
Itxaro Bordak zioen, Hertzainak taldearen ahotik, bi minutuero herrimina sendi zuela. Minutu bakar batez, euskaramina.
Une berezian heldu da Estatuko erabakia. France3 Euskal Herri emankizunak euskarari leiho bat irekitzeaz gain, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lurralde gisa kontuan hartzen duen egitura publiko bakarretarikoa baita. Ipar Euskal Herriak lurraldetasunaren eta hizkuntzaren ezagupen ofiziala galdegiten duen unean, halako kolpea ez da xehetasun hutsa.
Munduko beste edozein lurraldetan herritarrak albistegirik gabe uzteak erregimen totalitario baten antza handia izanen luke. Euskal Herrian bake aireak ufatzen hasiak direlarik, informazio eta komunikazio eskubideak lehen-lehenik zaintzekoak dira.
Arrazoi bat gehiago berezko instituzio bat ukan dezagun, dagokion euskarazko telebista zerbitzu publikoarekin, tokikoa eta integrala.
Erraten da minutu guziek zauritzen dutela eta azkenak hiltzen. Ea kendu nahi diguten minutua ez den gure hizkuntzaren ehorzketa iragartzen duen isiltasun minutu bilakatzen.
Larrepetit
Minutu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu