Bioya, ama, bioya!» egiten du oihu lau urteko umeak beste inork ezin dezakeen bezala. Bioya eta bioya. Behin eta berriz. Hamargarrenerako aspertu eta jolasean hasiko da, dorrearen kontra beti berdin lehertzen diren hegazkinez aspertuta. Tarteka altxatzen du burua eta ikusten du beste bat. Eta beste bat. Ez dakit zer pasatzen den lau urteko ume baten burutik. Badakit harridurak hamar bat astinaldi irauten diela; hamaikagarrenerako naturaltasun osoz ikusten ditu hegazkinak dorrean sartzen. Lau urterekin ez du ulertzen beti hegazkin berberak direla toki desegokian lur hartzen ari direnak.
Ama, aldiz, irudietan katigatuta geratu da. Ikusten ari dena sinistu ezinik, lehendabizi, lojikak esaten diolako ezinezkoa dela bi hegazkinek hain denbora gutxian toki berean istripua izatea; eta hamargarrenerako sinisten hasita, begiek aspaldi esan diotena. Erabat sinisteko soinua falta zaio lehendabiziko ordutan. Juxtu lerrootan lehengo batean Arantxa San Sebastianek sobran zituen soinu eta zarata guziak falta zaizkio irudiari: irudia sinesgarri bihurtuko duten soinuak.
Hamar urte geroago bioya esaten zuenak badaki abioia esaten. Baita hegazkina ere. Baina ordukoaz galdetu ezkero, mitikoa dela erantzungo lizuke. Mitikoa da beretzat uda honetan ezagutu duen laguna; mitikoa da atzoko futbol partida; mitikoa ikusi nahi duen pelikula. Ezer ez da harrigarri edo dibertigarri; zer esanik ez hunkigarri, izugarri edo ikaragarri. Dena da mitiko. Tipikoa eta topikoa dena ere bai: mitiko.
Garunean dudan zirikatzaile mitikoak sarri-sarri eskatzen dit, ikertzeko lehenbailehen nor den hitz-saltzailea: nor den, Hamelingo flautajoleak arratoiak eta umeak bezala, gaztetxo guztiak sinmas-etik mitikora eraman dituena. Ez diot kasurik egiten: mitikoa da gaztetxo guztiek elkar ulertzeko hitz berberak erabiltzearena. Beren era mitikoan.
Larrepetit
Mitikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu