Nork bere astoari arre, eta nireak, oraindik ere, Gurutzetara narama egunero birritan. Seigarren solairura, sartzeko eskuak garbitu behar diren horretara. Egunak luze eta asteak labur, leihatila honetara itzuli behar, zeozer interesgarria esateko geneukalakoan eskaini ziguten honetara. Munduaz, ordea, astoan noala irratiak diostana baino ez dakit joan direneko hiru asteotan. Puskak baino ez dauzkat, kronologikoki atondu ezin ditudanak.
Katastrofea meditarreneoan. Costa Concordia oraindik uraren gaineko bitsetan dabil, baina Realari sei gol sartu dizkiote Mallorcan. Martin Garitanoren dimisioa eskatzen du zenbait kazetarik. Urkulluk BECeko ekitaldian telepronterrean irakurriko duen letra tamaina aukeratu du Gaizka Toquerok gazta orpoz zulatu duenean, eta, halako epifaniaren ondotik, Independentzia berbari bi puntu eta negrita gehitu dizkio. Goizalderako izotza iragarri dute, eta Patxi Lopez enegarrenez itzartu da, supituki, Ajuria Eneko ohean, «baina, non nago?!» deiadarka.
Biharamunean, irratian, Manu Etxezortuk Hilario del Pino gogoratzen dizu esaldien hasierako silabari puenting egiten uzten dienean. Zorabiatzen ari zara, eta irudipena duzu berriro ere Kutxabank entzuten baduzu, narkolpesiak jota, astoa estratatik irten eta sasitzaren batean amaituko duzula, artean masusta batzeko goizegi.
Txillardegi hil da. Joder! «Oker ala zuzen, beti erradikal», Joxean Agirrek eginiko elkarrizketa liburuan irakurri zenion. Andres Urrutiak dotore dagi berba, baina Euskaltzaindiak esaera zaharreko tximua dakarkizu gogora, zuhaitzean gora zihoana.
Fraga ohean hil da, faszista gehienak hiltzen diren lekuan. Sarkozy Madrilen, eta Ekaitz Samaniego kartzelan.
Astoak arrantza Txorierriko autobidean. Haruntz edo honuntz, noranzkoa edozein dela ere, badakizu mutur bietan zain dituzula maite dituzunak. Mundua, oraindik, borobila da.
Larrepetit
Mundua astoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu