Larrepetit

Musika barruan

2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aireportuan, zain. Laster iritsiko da espero dudana eta nirekin eramango dut etxera. Joan-etorrika dabilenei begira nago abioiak iristen diren alderdian. Atetik gertu jarri naiz eta parean ditut maleta hartuta heldu osteko lehenengo zigarroa erretzera ateratzen direnak. Bidaiari gehienek ekipaje txikia dakarte, eta pauso arinean mugitzen dira, eremu ezagunean, norabidea aurrez erabakita. Baina noizean behin, maleta handi bat eta beste bi edo hiru fardel dituztenak ere pasatzen dira. Horiek turista itxura dute, aurpegian nekea eta irribarrea, besteak baino polikiago, besteak baino zertxobait galduago. Noizean behin, multzo handiagoa inguratzen zait, abioi bat iritsi berria denean. Ehunka lagun ateratzen dira orduan. Asko mugikorretik hitz egiten doaz. Beste hainbat aurikularrak jarrita. Atera zuzentzen dira eta, kalean, zain dutenen aldeetara sakabanatzen dira.

Gizon gazte bat pasa ondotik, argala da eta jantzita daraman kotoizko txandala handia gelditzen zaio. Poltsa zahar bat eta motxilatxoa aireportuko gurdian jarrita, kanpora atera da. Kalera iristean, besoak zabaldu ditu eta dantzan hasi da. Hankak luzatu eta bildu, buelta bat eman, errepidearen babesera igo eta hegaka hasiko dela dirudi. Baina ez, hantxe jarrita, berak sortutako tai ji hegalarian jarraitu du. Irribarre zabala du. Bere buruarekin hitz egiten ari da, istorio bat antzezten arituko balitz bezala.

Bertatik pasatzen direnek disimuluan begiratzen diote eta ondokoarekin komentatzen dute zerbait. Horietako batzuen elkarrizketa entzun dut. Batak atentzioa emateko egiten ari dela esan du; «zoro bat» erantzun dio besteak.

Bitartean, gizon gaztea dantzan, irribarre zabala aurpegian. Musika barrutik dario, ez du aurikularrik behar. Aireportuan gauden ehunka lagunen artean, aireportuko gidoiari lotu ez zaion bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.