Julio Soto.
Larrepetit

Nahi dugulako

2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Behar du batek jakin bere herriaren historia. Lagunduko diolako ulertzen. Ulertzen, marrazkia. Bere herriaren egungo marrazkia. Eta marrazkiaren jatorria ulertuta, izango zaiolako errazago marrazki berri baten osaketa.

Asko ginen gure herriaren historia zati garrantzitsu baten berri ez geneukanak. Egungo marrazkia egoki interpretatu ezin genuenak. Nabarralde eta Nafarroa Bizirik plataforma izan dira beste batzuen artean interpretazio horretan lagundu dutenak. Atera dituzte datuak ezkutalekuetatik, eta mahai gainean jarri. Eta asko, zer pentsan. Ikusarazi digute zein luzea den haria. Zein atzera iristen den gure herriaren marrazkia josten duen haria. Izan ginela erreinu bederatzigarren mendetik hamaseigarrenera. Izan ginela Euskal Herri. Administratiboki ere izan ginela. Eta eten zigutela haria bortxaz. Eta sentitu gara bat. Zazpiak bat. Herri. Sentimenduz. Datuz. Lan aparta.

Hori bai, ez dezagun Gaztelaren bizkar utzi erantzukizun guztia. Izan gogoan Beaumondarrak izan zirela konkistatzaileen sarrera ahalbidetu zutenak. Bi leinu nagusien arteko batasun faltak lagundu zuela Nafarroa arrakalatzen. Egokiagoa izango da interpretazioa.

Asko dira oraindik sekula herri izan ez ginen horretan justifikatzen dutenak gure herri izateko ezintasuna. Premisa faltsua. Eta ez herri izan ginelako. Baizik eta gizarte batek ez duelako bere herri izateko borondatea historikoki justifikatu beharrik. Nahikoa duelako nahi izatearekin.

Iritsi da bigarren pausoa emateko tenorea. Begiak izan ginenetik izan nahi dugunera mugitzekoa. Konkistaren urteurrenak sortu duen batasun sentimendua, hemendik aurrerako nazio eraikuntzan txertatzekoa. Lehenago ez izateak ez duelako justifikatzen izateko ezintasuna. Izan ginenak justifikatzen ez duen bezala izatea. Izan nahi dugu. Eta hori, nahikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.