Noizean behin, topo egiten du «irakurtzen zaitut» esaten dion lagunen batekin. Eta bihotza irauli egiten zaio. Aztoratu egiten da. Ezin du saihestu. «Zureak irakurtzen ditut» edo «(idatzitakoa) irakurtzen dizut», era horretan, objektu zuzena elipsian jarrita entzungo balu, lasaiago hartuko lukeela uste du. Baina «irakurtzen zaitut» entzuteak asaldatuta uzten du. Asterix eta Obelixen herrixkako Panoramix galiarrak basurdearen erraiak irakurtzen zituelako irudiak hartzen dio gogoa. Borobil magiko baten erdian, urdearen barrunbeak agerian, oraina ulertzeko eta etorkizuna ezagutzeko ahaleginean ikusten ditu Abrarakurzix-en tribuko guztiak. Eta itomenak jotzen du.
Arazoa konpondu nahian, terapeutarekin hitz egin du, eta arrazoitzeko aholkatu dio; basurdearen barrenen irudikapena irudi fobiko bilakatu baino lehen, emozio horien jatorria aztertu beharra omen du. Itxura denez, arrazoitzea da sendabidea.
Egiten hasita dago agindutako arrazoitze lana. Kontzentrazio handia eskatzen du. Arnasketa pausatzearekin batera, Asterixen auzokoak animaliaren tripei begira dauden irudi gaiztoa hasi da desegiten. Jada ez dago herrixkarik. Ez dago galiarrik. Aienatu dira druidak eta errainak. Adimena aztikeriari gailendu zaio. Errealitatea bere horretan ikusteko gauza da orain. Gramatikalki xehe-xehe analizatzen ari da. Espresioaren esanahi filosofikoa ikertzen... Arranopola! Agertu den esangura berria ez da aurrekoa baino lasaigarriagoa. «Irakurtzen nauenak ni irakurtzen nau nire idatzietan. Ni ikusten nau nire iruzurretan. Nire txotxolokeriatan ni!», dio bere artean. Ondarretako plaian nudismoa egiten arituko balitz bezala sentitu da.
Erabaki bat hartu beharrean dago, izen ona zaintze aldera. Eta etorri zaio inspirazioa. Hauxe jarriko du artikuluen amaieran aurrerantzean: «Errealitatearekin izan dezakeen antzekotasun oro kointzidentzia hutsa da».
Larrepetit
Nudismoa Ondarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu