Sanferminetan ikusle guti egoten da zezenei begira plaza betean, baina hala ere begi bazterretik zezena ezpatak nola trebeskatzen duen ikusi nuen aldi bakarrean ez nuen gogoko izan.
Baiona Frantziako lehen zezen plaza dela diote fier. Baionako zezenketa zaleen peñak, berriz, peñarik antieuskaldunenak izan dira luzaz. Hori baino gehiago, hispanitatearen ohoratzeko guneak izan dira.
Inguruan ez dut nehor ezagutzen Baionako zezenketetara joaten denik. Gehienbat turistendako egiten den ekitaldi bat baita, tokiko jaunttoekin, bistan dena.
Aitor dezadan, zezenketak ez ditut sekula gustuko izan. Ez telebistan, ez Baionako zezen plazan.
Are gutiago orain. Torero batek 60.000 eurotik gora jasotzen du arratsalde bakoitz, bere ziminokerien egiteko. Ole! Eta beste hainbeste ganadutegiak. Berriz Ole!
2011. urtean Baionako zezen plazak 400.000 euro baino gehiagoko adarkada eman die hiriko kontuei. Belarri bat auzapezarendako. Milioitik gorako zuloa azken urteetan. Bigarren belarria. Eta hori, zezenketen inguruan xahutzen diren iragarki gastu guztiak kontatu gabe eta zezenketen karietara erabiltzen diren herriko langile eta zeharkako gastuak kontatu gabe. Zezenketen kontrako taldeek bi milioi eurotan zenbatzen dute urteroko gastua. Baiona hiriak ez omen du bere «politika kulturala» aldatzeko xederik.
Zezenketak bertan behera utzi ordez —inkestak egin diren Frantziako Estatuko hiri taurinoetan %70ek baino gehiagok galdegin duten gisan—, ziloak tapatzeko, herritar guziek dute ordaindu beharko hemendik aitzina, zale izan ala ez. Baionako festen karietarat Baionara etorriko den pertsona orok hiriko sarreretan egun bakoitz euro bat ordain dezan nahi dute. Hori bai faena prestatzen ari direna. Buztana ere merezi dute. Atera mokanesak.
Larrepetit
Ole!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu