Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Partida

2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bidea ondo seinalatua dago, baina labirintoa da. Egin zenezake aurrera-atzera-ezker-eskuin, baina irtetea debekatua. Bi jokamolde: entretenitu gabe, zintzo, obediente bidea egitea, edo bidera agertzen diren arriskuei aurre egiten saiatzea. Bada horretarako aukera ere. Momentu batez. Har litezke indarrak lau gunetan, eta segundo batzuz arriskuak irentsi.

Unea aprobetxatu ezean, ordea, arriskuak arriskutsu izatera itzultzen dira, eta bota zaitzakete bidetik, berriro hastera behartuz. A, eta arriskuak ez dira inoiz bukatzen. Gero eta azkarragoak bihurtzen dira. Behin irentsi arren, segituan berpizten dira, atzera berriz zoro moduan zuregana inguratzeko.

Saiatu izan naiz bi erata jokatzen: arriskurik ez balitz bezala eta arriskuak gainditu nahian. Arriskurik ez balitz bezala jokatuz gero, luzeago bizitzen zara. Izkin eginez, ihes eginez, baina oso puntu gutxi bilduz. Arriskuak gainditzeko ahalegina eginez gero, saria handiagoa da, baina bizitza laburragoa izango duzu, ia seguru.

Segituan jaten naute. Oso txarra naiz. Ez dut batere abileziarik hatzetan. Eta denbora gehiegi galtzen dut bidean aurrera egin edo mamutxo urdinak jan, zer komeni ote zaidan erabakitzen. Eta ezin da denborarik galdu. Denbora galtzea bizitzarik gabe geratzea da.

Arriskurik ez balitz bezala eginez gero, lor dezaket pantailaren bat edo beste gainditzea.

Beti tentatzen naute, ordea, arriskuek: ez didatela kalterik egingo sinistuta, —oraingoan ez—, abiatzen naiz haien atzetik —jaten baditut bizitza gehiago izango ditudan anbizioak bultzatuta—, eta beti, —salbuespenik gabe—, hiltzen naute.

Bizi-itxaropena luzatu omen zaigu berriz ere. Aste hontako albistea da. Betiko komekokotan harrapatu nau —Pacman orain—. Eta arriskuekin eta anbizioekin bizitzako labirintoan zer egin asmatu ezinik. Entretenituta, baina partida galtzeko zorian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.