Guztiz maiteminduta daude. Edo maiteminduta. Edo besterik gabe, ausardia faltak bultzatuta, elkarrekin. Ezkontzea deliberatu dute. Edo deliberarazi diete. Urteak dira elizara sartu ez direla, ezpada hiletaren edo eurena izango den bezalako ezkontzaren batean. Esan liteke lehen jaunartzea izan zela azkena. Ez dira fededunak. Ez dira sinestunak. Baina ez dute zalantzarik egin. Elizatik ezkonduko dira.
Aukeratu dituzte eguna, eliza, jatetxea eta menua. Eta autobusa, eta argazkilaria, eta musikariak. Eta dena. Gonbidapenekin lanik gehien. Ez zuten uste hainbeste lagun zituztenik, edo ezagun, edo ezezagun. «Gonbidatuta zaude» esaldiaren azpialdean, kontu korronte zenbaki bat jartzea pentsatu dute. Errazagoa izan dadin. Dirua sartzeko gutun-azalik erosten dirurik gasta ez dezaten. Eskuzabal. Eskua zabal.
Albistea, sorpresa, primizia ematea falta. Elkarrekin hamar urte eman eta gero, seguru jendeak ez duela imajinatu ere egingo! Zorionduko dituzte, irribarre batez. Gonbidapena jasotzen dutenean, desagertzeko tentazioa izan duen irribarrearekin antzik ez duen irribarre batez. Eta beste irribarre bat marraztuko zaie inguruko soineko, traje, gorbata, eta bitxi saltzaileei. Eta ile-apaintzaileei. Eta denei.
Despedidak, bana. Lagunekin asteburuak pasatzetik aspaldi despeditu zirenei, asteburu osoko despedidak. Bazkari, afari, opari, mozorro, striper, eta parranda. Eta bekatuak, sekretu.
Iritsi da egun handia. Sartuko da bera traje beltza, atorra zuri eta gorbata urdin batekin. Besotik ama. Sartuko da bera soineko zuri batekin, barruan sartzeko pasa dituen dieta egunak bezain isats luzea duen soineko zuri batekin. Besotik aita. Atzetik lehengusina, isatsaren segida bailitzan. Abiatu da, aldarera inoiz iritsi nahiko ez balu bezalako pausoan. Pom-pom-popom, pom-pom-popom.
Larrepetit
Pom-pom-popom
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu