Politikariek beraien hitzaldiak jendaurrean irakurtzeko erabiltzen duten pantaila modukoa da teleprompterra. Barack Obamaren ezaugarrietako bat izan da teknologia hori asko erabiltzea: ezker-eskuin, begi parean ikusten diren kristal garden moduko horietatik irakurtzen ditu bere hitzaldi ezagunak. Horrela, jendearekin harreman zuzena lortuz.
Presidentearen oratoria apartekoa dela diotenei kontra egiteko erabiltzen du askok makina horren erabileraren aitzakia: «Dena idatzita eraman beharra badarama, zer esan ez dakielako darama».
Michele Bachman errepublikanoak esan du—beste batzuk bezala— sekula ez duela halako trasterik erabiliko. Eta Etxe Zurira iritsiz gero debekatu egingo lukeela.
Duela hamabost egun, Virginian, lapurtu egin zituzten presidentearen teleprompterra eta atrila. Herman Cain eta Mitt Roomey presidentetzarako hautagai errepublikanoek ere ez dute txisterik egiteko aukera galdu: «Obama zer esanik gabe geratu da».
Eta horixe da kontua: esan behar duena, edo esandakoa. Herritar askok ondo gogoan dute, egun batean, teleprompterrean irakurrita, milaka lanpostu, osasun zerbitzu, gizarte politika gehiago, erreforma fiskala, Guantanamo ixtea, agindu zituela Obama presidenteak. Eta promes horiek lapurtutako teleprompterrean eraman dituzte.
Edukiari begiratu nahi ez, eta eduki hori nondik edo nola irakurriko duenari begira dagoena ez dabil ongi! Formetan geratu dira kateatuta. Eta hori, kasu honetan, ez da garrantzitsuena.Sutsuki defendatutakoa bete ez izanak boto-emaileengan izan dezakeen iritzi aldaketak gehiago kezkatzen du Obama, errepublikanoen eraso «telepromptikoak» baino.
Makina berria erosi dute. Atrila ere bai. Eta herritarra, izan demokrata edo errepublikanoa, datozen hauteskundeetako hautagaiek zer esango (aginduko) duten zain dago. Teleprompterrarekin, edo gabe. Bost axola horrek.
Larrepetit
Presidentearen teleprompterra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu