Larrepetit

Programa bat opari

2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskunde orokorrak izateko berrogeita hamahiru egun falta direnean hasi naiz idazten. Kanpaina hasi baino lehen bukatu nahi dut. Garaiz ibiliko naiz, behingoz. Ez dut azken ordurako utziko. Publizitatezko esloganak prestatu aurretik zabaldu nahiko nuke, gainera. Lehenbailehen. Denbora eman nahi dizuet, hautagai agurgarriak, nire proposamena kontuan har dezazuen. Orain arte, berandu ibiltzen nintzen beti eta presaka hautatu behar izaten nuen, azkenean, zegoenarekin konformatuta. Baina diferentea izango da oraingoan... nik neuk esango dizuet agindu beharko didazuena zuen hautua egitea nahi baduzue. Eta, ez luzatzeko, dekalogoan idatzi dut. Usadio zaharrean. Nik aukeratzea nahi duenak bete beharko dituen hamar mandamenduak:

Lehenengoa, Demokrazia maitatuko dut gainontzeko guztiaren gainetik.

Bigarrena, Ez ditut herritarren botoak alferrik galduko.

Hirugarrena, Langileen jaiegunak bermatuko ditut.

Laugarrena, Ekintzez ohoratuko ditut hizkuntza gutxituak.

Bosgarrena, Ez dut bultzatuko bizitza suntsitzen duen ekimenik.

Seigarrena, Ez ditut gurtuko eskuzko jainkoak ezta rating enpresak ere.

Zazpigarrena, Ez dut lapurtuko ezta lapurren laguna izango.

Zortzigarrena, Ez dut testigantza faltsurik egingo, ezta gezurrik esango ere.

Bederatzigarrena, Ez dut proiektu erraldoi lizunik onartuko.

Hamargarrena, Ez ditut boteretsuenen botoak desiratuko.

Eta eskupeko moduan, datozen hauteskundeetan erabiltzeko halako programa txukuna oparitzearen truke, azkenaren ondokoa: Ez ditut onartuko herritarren atsedena eragozten dituzten ordenantzak, beraz, tabernetan toldo-txapel insonorizatzaileak derrigortuko ditut edo, horren ezean, erretzaileak lokalen barrura berriz! Horiek guztiak (bere nominaren gainean) zin egiteko prest ez dagoena ez dadila etorri nigana boto bila. Zuen erantzunaren zain, adeitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.