Josebe Iturrioz.
Larrepetit

'Rescue me!'

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Azkenean, Raxoik onartu du: Espainiak erreskatea behar zuen. Dirudienez, gobernu honen estrategia gezurrak lotsarik gabe botatzea da. Prentsa ultraeskuindarra irakurri baduzue asteburu honetan, edota Twitterreko umoreak gidatu bazaituzte, aukera izan duzue berriaren tratamendua aztertzeko. Bai gobernuak, bai prentsa eskuindarrak, gezurra erabiltzen dute oinarritzat. Hizkuntzaren erabilera perbertso horrek, katastroferik larriena, festarako kausa bat bezala agertzen du. Hain nabarmena izan da, txisteak eta guzti egin direla, famatuena: «Zuk tomatea diozu, nik erreskatea diot». Hau da, erreskatea esan beharrean, mailegua esaten dutenean, mundu osoak txisteak egiten ditu. Berriro ere PPri eskertu beharko dizkiogu txisterik barregarrienak, lastima umorea agertokietara ez mugatzea, eta gure ekonomia amiltzen den bitartean mundu osoak gutaz barre egitea. Baina ez da gutxiagorako, irrigarria da, lotsagarria ez esateagatik, Espainiako hainbat komunikabide seriok gaia zabaldu duten era. Burura etortzen zait aldizkari baten lehen orrialdea, futbolaria den atezain batek, Espainiako armarria eta ikurrina den atetik, baloia desbideratzen du. Titulua: «Espainiak erreskatea galarazten du». Hurrengoan, espero dut titulua era ez subliminal batean idaztea: «Estatua pikutara doa! Berdin zaigu, Eurokopa delako gure opioa».

Hori da Espainiako Gobernua eta bere propagandistak egiten ari direna, gezurrak esan, eta atentzioa desbideratu. Baina, guk futbola ikusten dugun bitartean, troika goitizenez ezagutzen den gizon koadrilla batek gertutik jarraituko du Espainiaren garapena. Laster erakutsiko digute estatu espainolaren subiranotasuna Europan dagoela. Argi izan: jende horren helburua ez da pertsonak salbatzea, Europa baizik, eta horretarako gure bizi-baldintzekin bukatu behar badute, ez izan zalantzarik, egingo dute. Hori bai, lasai, futbola izango baita gure plazeboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.