Hur Gorostiaga.
Larrepetit

San Mixel bizirik

2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Baionako apezpikuak Donaixtiko San Mixel Kolegioaren hestea erabaki zuen 2009ko udan. 60 bat haur eskolatzen zituen eskola ez zen aski errentagarria Elizarendako. Zailtasun bereziak zituzten familien haurrak eskolatzen zituen kolegioak 1953. urtetik, baina Baionako elizbarrutiak sos arrazoiengatik itxi zuen, Eliza munduko multinazional aberatsenetarikoa bada ere.

Hiru urteren ondoren, herritarrek biziarazi dituzte etxea eta herria, sekula ikusi gabeko ekimen askotarikoak bultzatuz. Baina berriz ere Elizak hestea erabaki du. Apez eta serorek tristeki eta itxitasunean bizitzea erabaki dute, eta ez dute soportatzen besteak uros eta irekiak izan daitezen. Eta horretarako jendarmeak bidali behar badira, ba, amen...

Kolegioari izena eman zionak, San Mixel Garikoitz herritarrak (1797-1863), itzuli bat baino gehiago eginen zuen hilobian. Garikoitzek bizitzaren parte handi batean eskolak irekitzeari ekin zion, berak ukan ez zuen eskolatzeko aukera Euskal Herriko eta Ameriketako hainbat haurri eskaintzeko. Junes Cazenave Harigilek pastoralean agertu zuen haren bizia, 2004an, Donaixtin berean, nahiz eta Oxkaxeko lepoak Zuberoatik bereizten duen baxenabartar herri bat den. Ororen buru Elizak saindu izendatu bazuen ere, Elizaren hierarkiak ez zuen beti ongi ikusi. Garai hartan bezala, Baionako apezpikuak, berriz ere eskola itxi ondoren, kultura zabaltzea ez duke gogoko. Zoaz jakitera zer bekatu demoniotan ari ote ziren gazte horiek arratsetan... Ametser bizia eman lelopean aritu dira okupatzaileak. Serorek, aldiz, amesgaiztoa eta kulturgunearen heriotza nahi.

Eliza. Euskal Herriko alde batean, eskolak eta kulturguneak ixten, eta beste aldean, ondasun publikoak lotsagabeki bereganatzen. San Mixel bizirik! Segi ametser bizia ematen, amaren, alabaren eta sormenaren izenean, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.