Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Scola Corsa

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ipar Katalunia, Alsazia, Okzitania, Bretainia eta Euskal Herriko murgiltze eredu edo ikastoletako ordezkariak Korsikan bilduko dira asteburu honetan. Sei nazioek, hizkuntza eta kultura berezkoa izateaz gain, historikoki hainbat borroka eta aldarrikapenetan ere antzekotasun handiak ditugu, parean dugun Estatua, Frantses Errepublika jakobino bera izanki. Baina batzen gaituen punturik garrantzitsuena, maleruski, Unescoren arabera sei hizkuntzak desagertzeko lanjer gorrian izatean datza.

Etxean, karrikan edo lantegian korsikeraz mintzatzen ziren bitartean ez dira sobera kezkatu hizkuntzaren bilakaeraren eta bereziki irakaskuntzaren inguruan. Baina hamarkada luzeetan Estatuaren hizkuntza politika elebakarrak arrasto sakonak utzi ditu. Ama hizkuntza lantegietatik, karriketatik eta azkenean etxeetatik ere desagertzen ari dela ohartzerakoan, independentzia eta lurraldetasunaren alde borrokatzeaz gain, hizkuntzaren alde ere borrokatu beharra zutela jabetu dira nonbait.

Korsikarrek, besteok ez bezala, berezko instituzioak direla tarteko, lege berezi bat dute hizkuntza politika kudeatzen duena. Lege horren arabera, eskola guztietan irakaskuntza elebiduna eskaini beharrekoa da, ama-eskolatik unibertsitateraino. Alta, emaitzak ez dira espero zirenak. Astean oren bat edo bi korsikera ez da nihundik ere aski, ez eta eskola orenen erdiak korsikeraz izatea ere. Ondorioz, Korsikan ere ikastolen eredua garatu nahi lukete heldu den urteetan, haur korsikarrei murgiltze eredua eskaintzeko.

Herrien indarrak batuz, Estatuko murruari bost zulo egin ondoren, ea seigarrenarekin birrintzen dugun, hitzemanak bete eta traban ditugun oztopo guziak banan-banan gainditzen joateko. Paris, presta zaitez, inguratua zaitugu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.