Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Sortuko?

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Sortuko dira besteak? Noiz sortuko dira? Gu sortu ginen enbor beretik, esan zuen. Eta haren hitzak liluratuta, beti etorkizun. Sortzekoa. Eta gainera kantatu egin zuen. Eta ez berak bakarrik. Enbor beretik sortutako beste batek ere bai. Eta baita beste batzuek ere. Eta orain, denak zain. Noiz sortuko?

Delikatua da gaia, baina ez luke behar. Hil direnak gogoan izatea hunkigarria da oso. Hil direnak maite izan genituela adieraztea, miresgarria. Hil direnek egindakoa miresten dugula aitortzea, sintzeroa. Hil direnek utzi digutena harro egoteko modukoa dela sentitzea, ederra.

Eta hala ere.

Jakobari egin beharko nioke kontsulta argitzeko ea zer gertatzen ote zaion beti enborrari begira dagoen adaxkari. Alegia, eta enbor beretik datorrela jakin eta onartu arren, airea zulatuz argi eta elikagai bila bere bidea egiten ez duenari. Oker bada ere. Baina haziz. Bere kasa. Bere bidean.

Esan nahi dut gure sentitzen ditugun kantari handiak hil zirenean haiek gogoan, haien omenez, haiei eskertuz, haienganako zorrez antolatutako, adierazitako, egindako guztia ulertu arren, iruditzen zaidala iritsi dela momentua onartzekoa enbor beretik sortu direla besteak. Aspaldi sortu zirela batzuk. Ez hainbeste, beste batzuk. Eta sortzen ari direla. Gaur bertan ere bai, beharbada. Eta ulertzen dudala jendeak haien kantak behin eta berriro entzun nahi izatea, baina beharbada, haiei egin dakiekeen omenaldirik eleganteena sortzen jarraitzea dela. Eta batez ere, sortu duenari erreparatzea.

Gure esku dago kantatu zuten hartan arrazoi zutela frogatzea. Sortu direlako beste asko. Eta seguru asko, asko horietako bat baino gehiago behartua sentituko da (eta esker onez) «Sortuko dira besteak» konbentzimenduz esatera, munduan gehien maite duena eginez, kantatuz, jendeak maita dezan.

Gure esku dago ez direlasortuKO esatea. Sortu direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.