Jaso dute mezu elektroniko bat ingelesez esanez halako hiritan dagoela, bi sakelekoak eta maleta lapurtu dizkiotela, eta ez daukala xentimorik etxerako txartela erosteko. Dirua behar duela itzuliko bada. Eta sartzeko, mesedez, hainbesteko bat kontu zehatz batean.
Spam iruzurgile bat, noski, gehienontzat. Arreta askorik gabe zeharka irakurri, ezabatu eta paperontzira bidaltzeko horietakoa.
Baina gertatu da mezua sinatzen duena dela lagun bat halako hiritan sarri ibiltzen dena, ingelesez idazteko joera harrigarria duena eta bi sakeleko erabiltzen dituena. Gertatu da, susmagarri izan arren, benetakoa izan litekeela. Horregatik erantzun diote mezuari xehetasun bila. Euskaraz idatzitakoak erantzunik gabe geratu dira. Baina ingelesez idatzitakoek segituan jaso dute erantzuna: ni nauk, benetan ari nauk, dirua behar diat.
Kezkatuta, jarri dira lagunak hartuemanetan. Saiatu dira telefonoz. Ez du erantzuten. Ez diote susmo onik hartzen. Eta laguntza beharrean dagoen lagunari ez laguntzeak sortu dezakeen egonezin betean azaldu da bi sakeleko erabiltzen dituena, batetik. Frexko-frexko. Ez daki ezer. Ez du mezurik bidali, ezta jaso ere. Errealitatetik oso gertu dagoen spam iruzurgile bat besterik ez da izan.Gertuegi. Zer pentsa jartzeraino, gertu.
Esan dit gazteak berari nekez sartuko diotela ziri hori. Niri ere ezetz, nik, elkar ulertzen dugulakoan. Bere lagunek inoiz ez omen liokete dirurik eskatuko Internetez. «Behar balute ere ez?», nik. Ezetz. Behar balute, munduko edozeinmuturretan egonda ere, zuzenean euren izenean txartela erosteko eskatuko lioketela. Zer pentsa utzi nau. Mundua bizi dute hatz puntak teklatuan astinduz. Mundua hatz puntetan.
Eta hala ere, zer pentsatu gehien beste batek beharko luke: lagunek spamarekin nahastu dutenarentzat izan liteke garaia barrura ere bidaia bat egitekoa.
Larrepetit
Spam laguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu