Larrepetit

Super!

2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Asteartea ez da betikoa izan. Superra izan da, super asteartea. Errepublikanoen deman, Obamari nork aurre egingo dion hautatzeko egun garrantzitsuenetakoa izan behar zuenak, ordea, albiste bakarra utzi digu: hautagaien arteko lehia gehiago luzatuko dela, eta elkarri trapu zaharrak botatzen jarraituko dutela, Obamaren mesedetan noski. Benetan, super luzea egiten ari zait!

Egun horretako hemengo egunkari gehienek beste albiste bat ere kontatu ziguten: Joe Biden presidenteordeak bidaia super azkar bat egin zuela Mexikora. Han, Felipe Calderon presidentearekin eta hura ordezkatzeko lehiara aurkeztuko diren hiru hautagaiekin egin zuen bilera. Eta hara Calderonen super eskaria: arma trafikoa kontrolatzeko eta diru zuritzea geratzeko neurri gehiago har ditzala super potentziak.

Datuak superrak iruditzen zaizkit: zibilen esku, 283 milioi arma daude AEBetan, eta, batez beste, urtero, 4,5 milioi berri saltzen dira. Horretarako, super azokak egiten dira, edonon. Horietan, ikusi, ukitu, laztandu, miazkatu eta probatu egin ditzakezu. Eta, noski, gustatuz gero, ordaindu, eta etxera eraman, familiako kide berri baten gisara.

Armagintzaren lobby-ak ekonomikoki izugarrizko indarra du, eta hainbat politikarirengan eragin zuzena du. Errepublikano super kontserbadoreek, Tea Party-koek, armak izateko eskubidea defendatzen dute. Eta gaur egun lehian dauden hautagaiek ez dute gai honetan super erabakirik proposatuko. Botoetan super galera izango lukete. Demokratentzat ere, patata beroa honako hau.

Ez dago super inteligentea izan beharrik, ondorioa ateratzeko:AEBetatik Mexikora urtero milioika arma pasatzen badira, Mexikotik AEBetara milioika dolar.

Super galdera da: urtero armengatik milaka herritar galtzen dituen herrialdeari, benetan inporta ote zaio bizilagunarenean gauza bera ez gertatzeko neurriak hartzea?Super erantzunik, oraingoz, ez daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.