Larrepetit

Ta edo Ma

Arantxa Iturbe.
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hiru etxe. Egun berean.Batean «ta» esan dio alabak aitari. Lehendabiziko aldiz. Bestean «ma» amari. Lehendabiziko aldiz. Hirugarrenean ez dira ados jartzen semeak egin duen lehendabaziko hitza «ta» edo «ma» den, aitak «ta» entzun baitu, eta amari gehiago iruditu zaio «ma», baina barrez lehertu dira beharbada umeak biei deitu nahi zielako t eta m-ren arteko zerbait esateko ahalmena izan duela sinistuta, harro. Bere lehendabiziko hitz zentzunduna izan baita.

Lehendabiziko etxean, aitari bihotza igo zaio zintzurreraino, eta malko lotsati bana begietara. Bere aitarekin akordatu da. «Lastima, aita; gozatu ederra hartuko zenuen txikiarekin», pentsatu du. Bigarrenean, amari aspaldian ez bezalako irribarrea osatu zaio aurpegian. Bere aitarekin akordatu da. «Ze pena, aita; harro sentituko zinen gure txikia hizketan ikusita», sentitu du. Hirugarrenean, biak hunkitu dira. Eta gutun bana idatzi diote, «ikusi bazenu ze muturtxoa jarri duen esaterakoan...», orain hemeretzi urte kartzelan duten osabari eta, orain zazpi, mehatxuen beldur urrutian bizitzea erabaki zuenari.

Lehendabiziko etxeko aita ETAk hil zuen orain hogeita bederatzi urte, semeak «aita» esaten ikasi eta gutxira. Bigarren etxekoa poliziak hil zuen orain hogeita zazpi urte, bera «aitatxo noiz etorriko da?» galdetzeko gai zela.

Oherakoan ezin lorik egin. Hutsik eta beteta sentitzen dira. Pozik eta triste. Aldi berean. Hunkituta, ukituta, ahituta.

Egutegi partikularreanurriak 20 seinalatu dute: gure umeak lehendabiziko hitza esan duen eguna. Hizkuntza bera hasi dira hitz egiten hiruretan. Egun berean. Momentuz silaba bakarrez. Bihotza iraultzeko ahalmena duen silaba bakarrez. Izan liteke etorkizunean, silabekin hitzak, hitzekin esaldiak eta esaldiekin pentsamenduak eta sentimenduak adieraztera iritsitakoan, elkar ulertzeko gai izango diren seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.