Ez da sekretua. Erakarri egiten naute tximuei buruzko albisteek, ez hainbeste haiengandik gatozen froga bizia direlako, baizik eta aldi oro, haiek baino gehiago garela uste eta haiek adina tximinokeria egiteko gaia garela erakusten digutelako.
Aste honetan irakurria: 2 urteko umeek eta txinpantzeek gehiengoak egiten duena errepikatzeko joera dute, imitazioz. Hori izenburuan. Albistean aurrerago, orangutanak askoz ere independenteago direla, eta ez dutela itsu-itsuan imitatzen gehiengoak egiten duena. Geroxeago, gehiengoak egindakoa errepikatzea balore negatibo bezala ikusten den arren, adituek uste dutela espeziearen biziraupenerako garrantzitsua dela.
Albistea benetan jartzen da interesgarri esperimentua kontatzeko ahaleginean: hiru kaxa, kolore desberdinetakoak, bata bestearen ondoan. Goian zuloa, pilota bat bertatik sartu ahal izateko. Jarri dituzte txinpantze domatuak pilotak kolore jakin bateko kaxako zulotik botatzen, eta umeak ere, kolore jakin batetikotik. Eta pilota sartu ahala, ateratzen da tximuen kaxatik kakahuetea, eta umeentzat txokolatea! Haiei begira eduki dituzten txinpantzeek, aukera eman dietenean, aurrekoek aukeratutako kolore bereko kaxan sartu dituzte pilotak; umeek ere bai. Orangutanak berriz, kaxa guzietan saiatu dira. Ez du argitzen albisteak gainontzeko kaxetatik oparirik ateratzen den edo ez.
Gehiago jakin nahian, sarera. Ustezko esperimentu honen berri jasotzen du jada blog batek orain bost hilabete. Argibide askoz gehiago gabe. Ondoriorik atera gabe. Tentazioa jatorrira jotzekoa, besteak beste, ikerketa benetakoa ote den frogatzeko. Ez naiz saiatu, ordea. Txinpantze sentitu naiz bete-betean: beste kaxetan zer topatuko frogatu beharrean, kolore berekoan pilota sartzen. Behin eta berriz. Grazia pixka baten truke.
Akabo tximuak. Gaurtik aurrera, izatekotan, orangutan.
Larrepetit
Tximuak azkeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu