Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Ustezko iritzi ikerketak

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Igandean bururatuko da Eliseorako lasterkaldiaren lehen etapa luzea. Bidean hainbat galdu ondoren, hastapeneko korrikalarietarik 10 besterik ez da gelditzen. Bigarren etapa maiatzaren 6an izanen da, baina iritzi ikerketek finkatzen duten sailkapen nagusiaren arabera, François Hollandek eta Nicolas Sarkozyk izanen dute soilik ordulariaren kontrako lehian 15 egunez aritzeko parada.

Alea jacta est. Ez dakit zertarako bozkatu behar den, gauzak aitzinetik erabakiak aurkezten zaizkigularik. Sartre, Diderot edo patuari buruz eztabaidan urteak pasatu zituzten filosofoek izanen lukete zertaz gogoetatu iritzi ikerketen inguruan. Iritzi ikerketek helburu bakarra dute: norberari sinetsaraztea besteek gu bezala pentsatzen dutela.

Opinion Way, Ipsos, Sofres, BVA ala IFOP ikerketa etxe nagusiek amerikar inbertsio fondoak, Sarkozyren lagun min eta hedabideen buru Bolloré, Pinault, Rotchild multinazionalak eta Laurence Parisot enpresarien burua dituzte akziodun nagusi, besteak beste.

Ez da kasualitatea 2002an iritzi ikerketa etxe batek ere ez aitzinetik salatzea Chirac eta Le Pen izanen zirela bigarren itzulira pasatuko zirenak, Jospin jokoz kanpo utzirik...

Sozialisten arteko lehian ere, iritzi institutuek erran zuten DSK zela sozialisten hautagairik hoberena... Horiek ere ezarri zuten Hollande, Aubryren aitzinean. Iritzi etxeek zifrak eman, eta nagusi berekoak diren hedabide handiek dantzan ezarri.

Etxe horiek ere erran digute urtebetez Hollandek zuela abantaila, eta bat-batean Sarkozyk aurrea hartu dio, nehork esplikatzen ez duen arrazoiengatik. Eta azken egunotan, aldiz, «berdindurik» omen daude. Horiek dira ere azken asteetan Mélenchoni bozgoragailua eman diotenak, pentsatuz Hollanden kaltetan izanen zela...

Aitzinetik egina dagoela eta deus aldatu ez daitekeela dioten horiek ere bidea gurutzatu aurretik autorik datorren begiratzen omen dute. Bakoitzak bere gisa bozka dezala, edo ez dezala. Ni bakantzetara noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.