Joseba Azkarraga Etxagibelen Euskal harriak liburua izan dut esku artean. Laguna irakurtzen ari zen kapituluan zetorrena irakurri dut. Aurretik eta ondoren idatzitako guztia begiratu gabe, hainbat zientzialari ezagunen —energia aditu, astronomo eta astrofisiko, geologo, gizarte-zientzietan espezialistaren— tesiarekin egin dut topo.
Denen hitzak antzekoak dira: beharbada ez dela gehiegikeria esatea gaur bizi dugula inoiz izandako unerik erabakigarriena. Gaur egungoa ez da soilik krisi ekonomikoa; askoz ere zabal, larri eta kezkagarriagoa da. Jada heldu omen gara atzera bueltarik gabeko mugarrira. Munduko biztanleen kopurua mila milioi biztanlera jaitsiko omen da mende honetan, petrolioaren gainbeheraren eta aldaketa klimatikoaren ondorioz, eta klanez osaturiko gizadiak aro aurreindustrialaren antzeko bizibidea izango duela aurreikusten dute.
Azalpenaren gordinak barrena uzkurtu dit. Mende bukaerako mila biztanle izango garela esateak zazpitik sei desagertuko garela esan nahi du. Ez daukat horrela izango den ziurtasunik, baina ezta horrela izango ez denik pentsatzeko arrazoirik ere. Hori iragartzen dutenak ez dira begitaziodun ero batzuk, munduaren egoeraz kezkatuta dauden zientzialariak baizik.
Ez naiz gauzek okerrera egingo dutela pentsatzera jotzen dutenetakoa. Natural ateratzen zait ona itxarotea. Baina egoera apokaliptiko horri aurre egin nahian pasatu dut eguna.
Hainbeste daukagu egiteko... Hainbeste ikasteko-desikasteko... Zein urrats egin, hondamendira ez iristeko? Nola edo halako desazkunde bat behar dela esaten duten ahots asko dira. Horren kontzientzia garatu behar dugu. Erantzuna martxan jarri, eta urratsak egitera behartu. Hasi behar dugu jada. Erronka hor dago, sistemaren muina jotzen du, eta ez da gutxi batzuena, «zibilizazio aurreratu» osoarena baino. Zer galdu, dena ez galtzeko?
Larrepetit
Zer galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu